Aurrekontuak onartu dituzte Gobernu Taldearen aldeko botoekin

Anboto 2014ko urt. 20a, 14:18

Otxandion 2014ko aurrekontuak onartu dituzte Gobernu Taldearen aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da. Iazko aurrekontuekin alderatuz, udaleko-kutxa “egoera hobeagoan” dagoela azaldu du Gobernu Taldeak, batez ere arrazoi birengatik. Batetik, ohiko sarrerak igo egingo direla aurreikusi dute; bestetik, Udalkutxari itzuli beharreko zenbateko osoa iaz itzuli zuten.

 

Joan zen egueneko udalbatzarrean Gobernu Taldearen (Bildu) aldeko botoekin onartu zituzten 2014ko aurrekontuak. EAJ abstenitu egin zen, alkatea egun heren batean liberatuta egotearekin ez daudelako ados, Javier Garate zinegotzi jeltzaleak azaldu zuenez. Iaz ere arrazoi berarengatik abstenitu ziren. Gainerako aurrekontu proposamenagaz ados dagoela adierazi zuen Garatek.

Aurtengo aurrekontuak 1.853.710 eurotan orekatu ditu udalak. Ohiko diru sarretan (zergak, tasak…) 153.760 euroko igoera aurreikusi dute. Bestetik, aurten Udalkutxari ezer ez itzultzea espero dute. Iazko likidazioa positiboa izatea espero da (hau da, udalek ez dute ezer itzuli beharko) eta aurreko urteetako likidazioa negatiboen ondorioz itzultzea falta zitzaien zenbateko osoa iaz itzuli zuten. Ohiko gastuak, aldiz, igoko dira, baina ez hainbeste: 70.532 euro, kalkulatu dutenaren arabera.

Horiek horrela, diru sarreren zatirik handiena (%88) kale zein eraikin publikoen mantenuari (Kultur etxea, igerilekua…), askotariko zerbitzuei (zaborra, ludoteka…) eta udal langile zein batzordeko gastuei aurre egiteko erabiliko dute, besteak beste.

Inbertsiorako geratzen den diru ataleko zati bat, beste ezer baino lehen, zor bi ordaintzen jarraitzeko erabiliko dute. Batetik, Erraldeko zorra, Berrizen erosten dabiltzan lur zatiari dagokion hipoteka (Erralde osatzen zuten gainerako udalek egin behar duten moduan). Guztira 123.000 euro ordaintzea dagokio Otxandioko Udalari dira eta zatika ordaintzen dabiltza: aurten, 15.000 euro. Bigarren zorra, Zerrabiden udalak dituen lur zatien hipotekari dagokio.

Inbertsio nagusienak diru-laguntzen mende

Aurtengo inbertsioen artean bi nabarmentzen dira: Plaza Nagusiko eraberritzearen lehen fasea eta eskolan eta frontoian biomasa galdara ipintzea. Biak Jaurlaritzako eta Aldundiko diru laguntzen mende daude. Jasotzen badituzte aurten ekingo diete proiektu biei. Plaza Nagusiko eraberritze proiektuaren lehen fasea Vulcano inguruari eta zuhaitz eta jarleku bitarteari dagokio. Proiektua idatzita dago eta lehen faseko exekuzioa 2014 eta 2015 urteen artean egitea itxaroten dute. Aurten 200.000 euroko diru atala bideratu dute lan horietara eta 150.000 diru laguntzen bidez jasotzea espero dute.

Eskolan eta frontoian biomasa galdera ipintzeko proiektuaz gainera,  kanposantuan erortzear dagoen horma zati bat bota eta berreraiki egingo dute bertan dauden nitxoekin batera. 40.000 euro inguru bideratu dituzte zeregin horretara. Igerilekuan ere konponketa batzuk egiteko asmoa dute.

Garapen teknikari bat kontratatuko dute

Ohiko gastuetan badago nobedade bat: lehenengoz garapen teknikari bat kontratatuko dute lanerdi erdian. Teknikari horren zeregina herriko garapen sozioekonomikoa sustatzea izango da. Santi Uribe alkateak teknikari horren beharra azpimarratu du: “Eskualde mailako ekimen askotan sartuta gaude: eskualdeko enplegu plana, lehen sektorea bultzatzeko elkartea… Baina bide horietatik gatxa da Otxandiori, beren beregi, bideratuko plangintza osatzea. Eremu horietan jarraituko dugu, baina Otxandiori begirako lan espezifikoa egingo duen norbaiten beharra ikusten dugu. Otxandiok zer aukera ditu ekonomikoki? Turismoaren alorrean zer sinergia sortu daitezke berau sustatzeko? Zelan lotu lehen sektorea turismoagaz? Horren gaineko azterketa egingo du garapen teknikariak”.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!