Erralde hiltegia osatzen zuten herriek bere sasoian egindako kapital handitzeagaz hartzekodunekin zituzten zorrik gehienak ordainduta daude. Baina oraindik beste gastu bati aurre egin behar diete: Hiltegi berri bat egiteko helburuz Berrizen erosten hasi ziren lur eremuak suposatzen duen hipoteka. Otxandiori dagokion zenbatekoa 120.000 eurokoa da eta kreditua lortzeko bankuekin negoziatzen ari dira.
Erralde enpresa 15 udalek osatzen zuten. Bankuekin hipoteka bat adostu eta Berrizen hiltegi bat egiteko lur saila (90.000 metro karratu) erosten hasi ziren. Hipoteka horri Erralde osatzen zuten herriak aurre egin behar diote eta Otxandiori egokitzen zaion zenbatekoa 120.000 euroko da. Gastu horri aurre egiteko bankuekin kreditua negoziatzen dabiltzala argitu zuen Santi Uribe alkateak eguenean egindako udalbatzerrean. Udalari urtero 15.000 euroko kostua suposatuko diola kalkulatu dute.
Proiektu bat eginda dago eta lur sailak erosten dabiltza. Etorkizunean, hiltegi bat edo lehen sektorea sustatzeko egitasmoren bat bertan gauzatzeko itxaropena dutela adierazi du Uribek: “Oraingoz ezin da jakin, baina hori gustatuko litzaiguke”. Erosleren batek lursail horiek erosteko interesa erakutsiko balu likidatzaileak (enpresaren likidazioa aurrera eroateko arduradunak) horretera behartuta daudela adierazi du. Kasu horretan, inbertitutako dirua berreskuratuko lukete.