Ikas komunitatearen eredurantz pausoak ematen dabil Mainondo

Anboto 2014ko urt. 9a, 08:30
Urtarrilaren 17rako Ametsaren Jaia antolatu dute Mainondo eskolan

Eskolak gazteen hezkuntzarako zentro arautuak dira, baina horietatik kanpora, egunean--egunean bestelako bideetatik jasotzen dituzten bizipenek ere zuzenean eragiten dute gazteen hezkuntza prozesuan.

Ikas komunitatea izeneko metodologiak inguru zabal horren (irakasleak, gurasoak, herriko askotariko eragileak…) inplikazioa lortu nahi du, hezkuntzarako tresna eta baliabide garrantzitsuak direla iritzita. Beste hainbat ikastetxeren antzera, Otxandioko Mainondo herri eskola ere eredu hori txertatzeko urratsak ematen ari da. Horren haritik, urtarrilaren 17an Ametsaren Jaia antolatu dute eskolan. Batetik, gura duten denei Mainondok egin ditzakeen hobekuntzak jakinarazteko bidea irekiko diete idatziz, ikas komunitatea egituratzeko bidean; hobekuntza horiek batzorde batek aztertu eta plangintza batean batuko ditu. Bestetik, gurasoek prestatutako flashmob bat ere grabatuko dute.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!