"Sua bizitza mantentzen denaren seinale izan da kultura guztietan"

Anboto 2013ko mai. 20a, 08:28
Harria eta egurra lantzen orduak pasatzen ditu Alberto Barrondo otxandiarrak. Oletan, bere etxeko atarian, eguzkilore bat dauka harrian landuta, eta auzorako iturri bat ere egin du. Egurrean argizaiolak lantzen hasi zen duela lau urte, eta 34 bat ditu eginak. Otxandion erakusketan ipini ditu. Erakusketa horregaz, hain ezaguna ez den argizaiolaren historia eta zentzua azaldu gura izan ditu

Harria eta egurra lantzen orduak pasatzen ditu Alberto Barrondo otxandiarrak. Oletan, bere etxeko atarian, eguzkilore bat dauka harrian landuta, eta auzorako iturri bat ere egin du. Egurrean argizaiolak lantzen hasi zen duela lau urte, eta 34 bat ditu eginak. Otxandion erakusketan ipini ditu. Erakusketa horregaz, hain ezaguna ez den argizaiolaren historia eta zentzua azaldu gura izan ditu.

 

Zelan hurreratu zinen argizaiolen mundura?

Taillarako afizioa daukat, eta Luis Pedro Peña Santiagoren La argizaiola vasca liburua topatu nuen duela hamabost urte. Orain dela lau urte hasi nintzen liburuko marrazkietatik erreplikak egiten, eta horretan nabil. Arte objektu moduan erabiltzen da gaur egun, baina daukan zentzuagatik ere interesatu nintzen.

 

Zer esangura izan zuten argizaiolek?

Konturatzen bazara, hasierakoek batez ere, gorputz forma zeukaten. Familian pertsona bat hiltzen zenean, pertsona hori baserrian ez zegoenez, argizaiolaren formak hildako pertsona irudikatzen zuen, eta pertsonaren arima irudikatzen zuen isiotutako argizariak. Familiako bat hiltzen zenean, meza orduetan isiotzen zuten, urte bat edo bian. Etxekoandrea izaten zen isiotzeko arduraduna, eta bera ez bazegoen, ondoko baserriko etxekoandrea arduratzen zen. Elizan, umeak eta gizonak aurrean jartzen ziren, eta andrak atzean, argizaiolagaz.

 

Urteekin asko aldatu ziren.

Lehenengotan, marrazki asko zeukaten. Ez dago marrazkion inguruko informaziorik; beharbada edukiko dute zentzuren bat, baina ez dakigu zein. Pertsonen forma dute, hasierakoek, batez ere. Lehenengotan, marrazki asko daukate, eta gero, astiro-astiro forma galdu zuten, eta azkeneko argizaiolak ohol karratu bat dira. Esaten dute forma aldatzearen arrazoi bat lapurretak izan daitezkeela. Meza denboran isiotzen zituzten, eta gero elizan geratzen ziren, izkina batean. Forma sinpleagoekin suaren zentzua mantendu zen, baina ez zen hain erakargarria.

 

Suak aspalditik eduki du heriotzagaz lotura...

Bai. Kultura guztietan dira sua eta argia bizitza mantentzen denaren seinale. Astiro-astiro argizaiolak kentzen joan arren, elizak mantendu du suaren sinbologia zirioekin, eta gero, kandela bakarrarekin ere bai.

 

Noiz arte mantendu zen argizaiolen ohitura?

XVIII.mendera arte. Gaur egun, leku bakarrean mantentzen da: Amezketan. Oso arraroa da; beste leku guztietan apurka-apurka kendu zituzten, baina han mantendu egin dute, ez dakit zergatik. Abadea edo herrikoak burugogor jarriko ziren edo! Data konkretu batzutan isiotzen dituzte, Aste Santuan-eta.

 

Hemen inguruan ere erabiltzen ziren?

Aspaldi bai. Erakusketara etorri ziren nagusiekin berba egin nuen, baina ez dira akordatzen. Nire ama bai, gogoratzen da. Zeanuriko auzo txiki batekoa da, eta han geroago galduko zen, antza. Argizaiolen historia hain ezezaguna dela ikusita, nire helburua izan da erakusketan horren zentzua azaltzea.

 

Argizaiola Euskal Herrian egon da bakarrik?

Bai. Esaten dute antzeko lotura eta zentzua daukatela Iparraldeko hilobietako hilarri borobilek, sinbologian zentzu bera dutela. Honezkero 34 argizaiolen erreplikak egin dituzu.

 

Engantxatu egiten du ala?

Afizioa daukat eta... Gero, beste lan batzuk egiten ditut: oholezko eguzkiloreak, adibidez. Harrian ere egin dut etxaurrerako eguzkilorea. Oletako plazan dagoen iturria ere neuk egin nuen. Orain, lantegia zarratu da, eta langabezian geratu garenez, denbora librea daukat...

 

Jendeak eskatzen dizu halako lanik?

Beno, zer edo zertxo bai. Gabonetan, postutxo bat ipini nuen hemengo azokan, eta polito, harrizko lan batzuk ere egin nituen... Orain momentuan, zer daukazu esku artean? Argizaiolak egiten jarraituko dut, eta beste zer edo zer etorriko da, materiala badaukat etxean. Ikusiko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!