"Nire ibilbidean gusturen nabilen unea da orain bizitzen ari naizena"

Anboto 2013ko api. 5a, 13:23
Europako txapelketan zilarra jantzita, Mediterraneoko Jokoetarako prestakuntza planifikatzen dabil

Europako txapelketan zilarra jantzita, Mediterraneoko Jokoetarako prestakuntza planifikatzen dabil.

 

Joko Olinpiarren osteko urtea ohi baino lasaiagoa izaten da parte-hartzaileentzat. Kirol munduko hitzordurik garrantzitsuena amaituta, presioaren eta autoexijentziaren zamatik aske, abiapuntu berri baten antzekoa izaten da kirolarientzat. Ez da Maider Undaren (35 urte, Oleta) kasua. Londresko Joko Olinpiarretan borroka librean brontzezko domina jantzi ondoren, aurtengo urtea inoiz baino mugituagoa eta emankorragoa izaten ari da.

 

Espainiako Txapelketa 14. bider irabazi ostean, Europako Txapelketan zilarrezko domina jantzi du martxoan. 35 urtegaz, sasoi fisiko paregabeari esperientziak dakarren eskarmentua gehitu dio, eta uneagaz gozatzen dabilela onartu du: “Nire ibilbidean gusturen nabilen unea da bizitzen ari naizena. Badakit zer egin behar dudan momentu bakoitzean, eta bakadit hori eginda emaitza onak etorriko direna”.

 

Mediterraneoko Jokoak

Maider Undaren hurrengo hitzordu nagusia ekainean izango da, Turkian jokatuko diren Mediterraneoko Jokoetan. Asteon hasi da prestakuntza planifikatzen. Lau urterik behin ospatzen diren joko horietan 2001ean parte hartu zuen azkenengoz Undak. Orduan 23 urte zituen, eta brontzezko domina irabaztea lortu zuen Tunisen. Aurten, orduko lana “hobetzea” du helburu: “Urte asko joan dira. Orain beste maila batean nagoela uste dut. Urte hauetan esperientzia pilatu dut eta horrek asko balio du”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!