"Amamak umezaroa han pasatu zuenez, oso berezia da Otxandio"

Anboto 2013ko urt. 19a, 08:22
Otxandioko bonbardaketan bere amamak hiru urte zeuzkan; hark kontatutakoak rap doinura ekarri ditu

Otxandioko bonbardaketan bere amamak hiru urte zeuzkan; hark kontatutakoak rap doinura ekarri ditu. Hemen dago abestia entzungai.

 

Otxandioko Udaletik heldu da albistea Anbotora: Alacanteko gazte batek Otxandioko bonbardaketaren inguruko abestia sortu du. Pablo Vicedo da bera, Maitene Trapero Ajuriagerraren iloba. Trapero Alacanten bizi da orain, baina jaiotzez Otxandiokoa da, eta umetan bonbardaketa bizi izan zuen. Amamaren ahotik behin baino gehiagotan entzundakoak rap doinuetara ekarri ditu Vicedok. Telefonoz deitu eta pozik hartu ditu Durangaldetik egindako galderak.

 

Zelakoa izan da zure amamaren bizimodua?

Gure amama Otxandion jaio zen, eta hartu-eman berezia zeukan bere izekoagaz. Izekok asko zaintzen zuen, eta gure amamak kariño berezia zion. Baina izeko bonbardaketan hil zen, eta amama ume-umea bazen ere, gorroto berezia eduki du harrezkero. Gerora, bikotekidea topatu zuen gure amamak, Murtziakoa. Madrilen egon ziren bizi izaten, eta geroago, Alacantera joan ziren.

 

Zenbat urte zituen amamak bonbardaketan?

Hiru urte baino ez zituen, oso txikia zen. Baina hain txikia izanda, hain gauza handi bat bizitzea... Txarto pasatu zuen gainera, bere aita preso eduki zutelako, zeuzkan ideiengatik, eta fusilatua izateko zorian egon zen. Min hori sortu zutenekiko gorrotoa handitzen du horrek guztiak. Nire ustez, bonbardaketa Espainiako Gerra Zibilaren hasiera izan zen, bai eta Bigarren Mundu Gerraren hasiera ere. Ordura arte ez zen halakorik egon, eta Otxandion esperimentatu zuten lehen aldiz bonbardaketekin. Gerora beste sarraski batzuk egiteko balio izan zuen Otxandiokoak.

 

Mantendu al duzue hartu-emanik Otxandiogaz?

Bai. Badauzkat bigarren lehengusuak-eta han, eta udan Otxandiora joateko ohitura daukagu. Amamak bertako istorioak kontatzen dizkit, eta berak umezaroa han pasatu zuenez, oso berezia da niretzako Otxandio.

 

Noiz bururatu zitzaizun abestia sortzea?

Poesia eta rap munduan duela lau urte inguru hasi nintzen. Abesti batzuetan min egiten didaten gauzak kritikatzen ditut eta Otxandion gertatutakoa ere kontatu gura nuen. Datu bila hasi nintzen, ez nuen gura nik buruan neukan ideia bakarrik kontatu gura. Niretzako berezia da gure amamaren izebak egun hura zelan bizi ahal izan zuen idaztea. Jendeak istorio hori ezagutzea gurako nuke.

 

Gustatu zaio abestia amamari?

Hori izan da poztasunik handiena. Emozioaren emozioagaz negar anpulu bat ere irten zitzaion, eta berari abestia gustatzea eta berak abestia egin izana eskertzea, hori izan da niretzako gauzarik onena.

 

Rapak adierazi gura duzuna esatea errazten dizu?

Pentsamenduak barruan gorde eta ernegatzen ibili beharrean, norberaren barruak husteko balio du. Boligrafo bat hartu eta paperean sentitzen duzun moduan idazterakoan, lasaiago sentitzen zara.

 

Bazabiltza musika ibilbidean pausoak ematen?

Maketa bat grabatu dut, eta Alacantetik banatzen hasi naiz, baina beno, jendeak pixka bat ezagutu arte... Bide luzea daukat oraindino. Oraingoz, Otxandiori buruzko abestia egitea bera oso garrantzitsua izan da niretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!