"Urrea irabazteko borrokatuko dut, jakinda besteek ere helburu bera izango dutela"

Anboto 2012ko uzt. 20a, 09:34
Badaki 35 urtegaz azkenengo Olinpiar Jokoak izan ditzakeela, baina saosian dago eta urrearen bila doa Maider Unda Londreseko aurtengo jokoetara. Abuztuaren 5ean joango da eta 9an ariko da lehian

Badaki 35 urtegaz azkenengo Olinpiar Jokoak izan ditzakeela, baina saosian dago eta urrearen bila doa Maider Unda Londreseko aurtengo jokoetara. Abuztuaren 5ean joango da eta 9an ariko da lehian.

 

Orain asteburu bi Espainiako sari nagusian parte hartu zenuen. Londresen egongo diren borrokalari asko izan ziren han ere. Zelan daude arerioak?

[Stanca] Zlateva bulgariarraren kontra galdu egin nuen. Burua asko sartzen du, ematen dizu eta… Epaileari ere esan nion ez al zuen ikusten. Joko zikinarekin hasten direnean, borrokatik atera egiten naute eta horixe gertatu zitzaidan: kontzentrazioa galdu nuen. Hurrengo egunean gauza bera gertatu zitzaidan Svetlana Saenco moldaviarraren aurka. Ileetatik tiraka hasi zitzaidan, eta kontzentrazioa galdu nuen.

 

Euren jokamoldera eraman zintuzten.

Bai. Gure kirolean garrantzia handia du norbere jokamoldea kontrakoen gainetik ezartzeak. Nire borrokatzeko modura ekartzen bazaitut irabaziko dizut, eta alderantziz.

 

Alderdi mental hori zelan entrenatzen da?

Lehiatzen, sarritan lehiatzen. Hori ezin daiteke egunerokoan entrenatu. Askotan saiatu naiz. Indarra eta teknika bai, baina beste hori ezin da. Lehiaketaren tentsioak erakusten dizu. Hori ezin daiteke simulatu.

 

\"\"Zlateva munduko txapelduna da gaur egun. Bera da faborito nagusia?

Gatxa da faboritoak bereiztea. Zlateva munduko txapelduna da, baina Europakoan ez zuen ezer egin. Eta txapelketa hori [Maja Gunvor] Erlandsen norvegiarrak irabazi zuen eta ez da Olinpiar Jokoetarako sailkatu. Begira zelako gorabeherak. Zozketa kontua da. Arerioaren jokamoldea ez bada zuretzako egokia, eskemak apurtzen dizkizu.

 

Borroka librean garrantzia handia du aurretiko zozketak.

Bai. Londreserako hamazortzi borrokalari sailkatu gara eta txapelketaren aurreko egunean zozketa bidez erabakitzen dira parekatzeak. Azkenengo laurek aurretiko fase bat egin behar dute. Aurkari bata edo bestea egokitu, asko aldatzen da kontua. Munduko txapelduna ere egokitu ahal zaizu.

 

Zein da zure borrokatzeko modua?

Erasokorra naiz eta etengabe arerioari ebatzen saiatzen naiz. Aurkakoak nekatu egiten dira eta desgaste handia eragiten die.  Borrokatzeko modu horrek funtzionatzen duela eta min egiten duela ikusi dugu sailkapen faseetan. Indar kontuetan, beharbada, indartsuena izango naiz nire pisuan, eta aprobetxatu egin beharko dut.

 

Olinpiar Jokoetan zein izango da zure helburua?

Borrokatu, urrezko domina irabazteko borrokatuko dut, beti ere jakinda besteek helburu bera izango dutela. Orain lau urte bosgarren geratu nintzen eta behintzat hori hobetzea nahi dut.

 

Zure azkenengo Olinpiar Jokoak izan daitezke?

Bai, hori pentsatzen dut. Ni ez noa ezeri ateak ixtera, eta etortzen bada ederto. Baina uste dut apurka-apurka bajatzen joango naizela eta 39 urtegaz ez naizela Rio de Janeiroko jokoetara helduko. Beste bizimodu baten desioa ere badut. Ez dut etxean eta familiagaz denbora asko emateko modurik. Gauza askori uko egiten diezu eta ez zara konturatzen. Beste bizimodu bat nahi dut apurka.

 

Denbora asko kentzen du borroka librean aritzeak.

Bai, sarritan kanpotik zabiltza, hemen ez dagoelako ohiturarik. Baina nik nire kirolagaz gozatu egin dut. Badakit batzuetan sufritu egin behar dela beste batzuetan gozatzeko. Gainera, hemen bizi naiz eta hori asko da.

 

Senitartekoak zugaz joango dira Londresera?

Nire mutilaguna badoa eta bere familia osoa eta lagunak ere bai. Dezente goaz. Egun asko izaten dira. Egun onak eta txarrak. Nekatuta zaudenean ezer egiteko gogo barik zaudenean… Jendea ondoan izateak asko laguntzen du. Txapelketa batean ehuneko ehunean ez bazaude kontrakoak nabaritu egiten du. 

 

Zure ibilbideko zein une on gogoratzen duzu bereziki?

Orain lau urteko jokoak. Ez nuen uste hain gora helduko nintzenik. Une oso politak bizi izan nituen. Pena bat dut: borrokaldi batean desgaste ikaragarria izan nuen eta brontzerako lehiara indar barik heldu nintzen. Orain badakit desgastea neurtu beharra dagoela. Ikasgai hori ikasita daroat. Jokoetatik kanpora geratu eta hurrengo egunean gorputza txikituta nuen, jartzeak ere min ematen zidan. Gorputzean horrelako mina izan dudan aldi bakarra izan da.

 

Une txarren artean lesioak daude. 2004an denboraldi osoa galdu zenuen belauneko bursitis bategatik.

Bai, kirolaria bere bakardadean. Benetako bakardadean. Esperientzia horiek kontatu daitezke, baina bizita bakarrik ulertzen dira. Madrilen apurtu nintzen. Etxera bueltan ez nuen lehiatzen jarraitzeko gogorik. Entrenatzeak bai, baina lehiatzeak ez ninduen motibatzen. Gainera, beharbada, txarto ematen du, baina behean zaudenean jendeak zikinkeria gehiago botatzen dizu gainera. Horrela da. Behehan zaudenean inor ez da zutaz akordatzen eta ematen du orduan daukatela aukera erasotzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!