"Arlo pertsonalean bizitako une latzak taldearen ibilbide bikainak gozatu dizkit"

Anboto 2012ko eka. 15a, 08:37
Bost urteren ostean, Koikili Lertxundik Athletic utziko du. 31 urtegaz, futbolean jarraitzeko asmoa duela dio. Zintzotasunez erantzun die galderei, Athletic, Bielsa eta Vulcanori buruzkoei, besteak beste.

Bost urteren ostean, Koikili Lertxundik Athletic utziko du. 31 urtegaz, futbolean jarraitzeko asmoa duela dio. Zintzotasunez erantzun die galderei, Athletic, Bielsa eta Vulcanori buruzkoei, besteak beste.

 

31 urte dituzu. Futbolari legez jarraitzea da zure asmoa?

Bai, hori da asmoa eta gogotsu nago. Oraindik fisikoki ondo sentitzen naiz eta zer eskainia  badudala uste dut. Lehen mailan jokatu ditudan bost urteetan esperientzia handia hartu dut eta maila profesionalean aritzeko hainbat denboraldi geratzen zaizkidala sentitzen dut. Ea zorte apur bategaz talde interesgarriren bat aurkitzen dudan.

 

Orain zein da zure egoera?

Ez dakit gauza handirik. Ordezkariek oraingoz itxaron egin behar dela esan didate eta zain gaude. Oraindik ez dago ezer konkreturik.

 

Athleticeko urteetan, zein momentu nabarmentzen duzu?

Athleticek fitxatu nindueneko unea hunkigarria izan zen. Bizitza osoan borrokatu nuen ametsa modu formalean egia bihurtu zitzaidan. Kirol arloan, final denak bereziak izan dira, baina partidu bat bereiztekotan Errege Kopako Sevillaren kontrako finalerdia nabarmenduko nuke, San Mamesen jokatu genuen itzulikoa. Athleticek urte asko zeramatzan finalera sailkatu ezinik. Zenbat zale, zenbat belaunaldi finalik ikusi barik! Benetan hunkigarria izan zen.

 

Askok Xixongo Sportingen kontrako final laurdenetako partidua ere gogoratzen dute, galtzontzilotan amaitu zenuen hura.

Finalerdietarako sailkapena lortu eta Xixonera joandako Athletic zaleengana hurbildu ginen. Kamisetak zaleengana bota genituen. Hainbeste emozionatu nintzen, prakak ere bota nituela! Orduan ez nintzen konturatu izkina hartatik aldageletako tunelera zer distantzia luzea zegoen. Zenbat kazetari inguruan! Apur bat lotsatuta eta guzti joan nintzen. Harrezkero askotan gogoratu izan didate une hori (barreak).
 

Aurten ez duzu minutu bakar bat jokatu.

Urte gogorra izan da. Hasieratik taldetik kanpo, baztertuta gainera, aukera berdintasunik gabe. Zorionez, urtea aurrera joan ahala tratua aldatu egin da eta denok aukera berdinak izan ditugu. Azkenean hainbat deialditan sartzea lortu dut eta taldearen ibilbideagaz gozatu dut. Arlo pertsonalean bizitako une latzak, taldearen ibilbide onak gozatu dizkit.

 

Bukaresteko finalera, jokalari denak elkarrekin ez bidaiatzea erabaki zuen Bielsak.

Pena handia izan zen. Athleticen indarguneetako bat taldean dagoen batasuna da. Egun historikoan taldea banatzea haserreturik bizi izan nuen. Bukarestera denok elkarrekin ez joateko erabakia ez nuen ulertu.

 

Zelakoa izan da hartuemana Bielsagaz?

Bielsaren hartuemana antzerakoa da jokalari denekin. Batez ere harreman profesionalean oinarritzen da: partiduetarako argibideak, zuzenketak… Hortik kanpora ez dago hartueman handirik. Nire kasu pertsonalean, hasieran ez nuen hartuemanik. Gerora beste edonori emandako tratu bera izan nuen.

 

Bielsa beste urtebete geratuko da.  Zer eman dezake taldeak?

Oinarri sendoa dago eta taldearen esfortzuak hobeto kudeatuz gero, maila altua emango du. Aurtengoa errepikatzea gatxa da, baina zergatik ez? Gaztetasun eta ilusio handia dago eta aurtengo antzeko egoeretara heldu daiteke.

 

Zaleei titulu bat eskaini ezinaren pena geratu zaizu?

Jakina. Pertsonalki zein zaleentzako denbora gutxian lau final galtzea oso gogorra da eta arantzatxoa geratzen da. Baina lau horietatik hiru maila itzeleko Bartzelonaren kontra izan dira.

 

Futbolean beste protagonista batzuk ere izan ditu Otxandiok: Vulcano eta Iñaki Garmendia.

Zorionak eman nahi dizkiot Vulcanori. Badakit oso urte ona egin dutela eta merezi zuten igoera. Gainera, herriko jokalariak lehenetsi dituzte eta hori inportantea da. Iñaki txiki-txikitatik ezagutzen dut. Beti baloiaren inguruan ibili izan gara herrian, bere anaia Anderregaz, nire anaia Xabigaz… Hartueman estua dugu. Lan askoren ondoren, merezitako saria jaso du.

 

Itzarri Consulting enpresaren bidez futbolean euskara normalizatzeko ahaleginetan zabiltza.

Formakuntza homologatuari dagokionez, liburu bat aurkeztu berri dugu. Euskarazko eduki horri esker, lehen mailako entrenatzaile titulua euskaraz ateratzeko modua egongo da irailetik aurrera. Formakuntza ez homologatuan, gaztetxoen entrenatzaileei zuzenduta eskola teoriko-praktikoak egin ditugu. Irailean hiru eskola sortu gura ditugu: Durango-Iurreta, Abadiño-Elorrio eta Berriz-Zaldibarko monitoreak batuko ditu. 

 


“Gaztetxo asko batzeak  harritu ninduen gehien”

 

Orain hiru urte sortutako Otxandioko Koikiliren Lagunartea ofizialki aurkeztu zuten joan zen barikuan. Andikona plaza jendez bete zen. “Gaztetxo asko batzeak harritu ninduen gehien”. Athleticeko ordezkariak eta Gatikan eta Bilboko San Ignacio auzoan dituen lagunarteko ordezkariak ere joan ziren: “Jendearen erantzuna pozgarria eta harro sentitzeko modukoa izan zen”. Urteetan emandako sostengua eskertu zien bertaratuei eta hunkitu egin zen osaba gogoratu zuenean: “Dagoen lekuan dagoela, badakit pozik egongo dena hau ikusten”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!