"Kriston ohorea da herritarrengandik horrelako berotasuna sentitzea"

Anboto 2012ko eka. 11a, 14:25
Orain hiru urte sortu zuten Otxandioko Koikili Lagunartea ofizialtzeko ekitaldia egin zuten barikuan Andikona plazan. Koikili Lertxundi esker oneko agertu zen: \'Nire bitartez Athletic oraindino hurrago sentitu dagizuen lortu badut, horrek asko esan gura du niretzako\'

Orain hiru urte sortu zuten Otxandioko Koikili Lagunartea ofizialtzeko ekitaldia egin zuten barikuan Andikona plazan. Koikili Lertxundi esker oneko agertu zen: “Nire bitartez Athletic oraindino hurrago sentitu dagizuen lortu badut, horrek asko esan gura du niretzako”.


Otxandioko Andikona plaza adin guztietako herritarrekin bete zen. Gazteak, helduak, bertakoak, kanpokoak… garesti zegoen Athletic-eko jokalari ohiagaz argazki bat ateratzea edo berba bi egitea. Inguruan beti zuen nor edo nor. Gaztetxoak izan ziren gehien hurreratu zitzaizkionak eta baita ekitaldian zehar Koikiliren aldeko oihu ozenenak egin zituztenak ere.


Ekitaldira aurpegi ezagun asko etorri zen. Athletic-eko ordezkarien artean Ramon Alkorta, Javier Ucha eta Koldo Agirre joan ziren. Gatika eta Bilboko San Ignacio auzunean dituen lagunarteko ordezkariak ere batu ziren. Athletic-eko presidente Josu Urrutia ere etortzekoa zen, baina ezin izan zuen bertaratu, Manolo Preciado entrenatzaile izandakoaren hileta-elizkizunetara joan zelako.


Hainbat oroigarri jaso ondoren, berba batzuk eskaini zituen Koikili otxandiarrak: “Athletic-en jokatzea nire ametsa zen eta lortu nuen. Asko gozatu dut urte hauetan. Badakit Otxandion gehirnok Athletic zaleak zaretela eta nire bitartez Athletic hurrago sentitu dagizuen lortu badut, horrek asko esan gura du niretzako. Kriston ohorea da herritarrengandik horrelako berotasuna sentitzea”. Bere osaba gogoratu zuenean hunkitu egin zen: “Ez dago hemen, baina dagoen tokian dagoela seguru begira dagoela eta berari ere eskerrak eman nahi dizkiot”.

 

BIDEOA IKUSTEKO

ELKARRIZKETA IRAKURTZEKO

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!