"Ordenagailu aurreko lana bai litzatekeela gogorra!"

Anboto 2012ko eka. 7a, 08:04
Deustutik Otxandiora etorri zen duela bederatzi urte. Oletan baserria altxatu ostean, ortuariekin eta abelburuekin dabil ekinean. Herrian mugitzeko denbora hartzen du. Gas ustiapeneko proiektu berriaren kontra, Fracking ez plataformako kidea da. Kamisetan aldarri hori duela agertu da elkarrizketara

Deustutik Otxandiora etorri zen duela bederatzi urte. Oletan baserria altxatu ostean, ortuariekin eta abelburuekin dabil ekinean. Herrian mugitzeko denbora hartzen du. Gas ustiapeneko proiektu berriaren kontra, Fracking ez plataformako kidea da. Kamisetan aldarri hori duela agertu da elkarrizketara.

 

Telebistako aurkezle ibili zinen duela ez asko.

Bost urte badira, gutxienez, telebista utzi nuela. 2002an hasi eta 2007an amaitu. Oso esperientzia ona izan zen. Ez nuen espero sartzea. Suhiltzaile oposaketak prestatzen nenbilen, eta aurretik Ingalaterran ibili nintzen lana topatu eta ingelesa ikasteko asmoz.Suhiltzailerako oposaketak irten ziren, eta honantza etorri nintzen. Nik kazetaritza ikasita neukan, eta lagun batek deitu zidan orduan, esanez probak egiten ari zirela. Handik pasatu nintzen. Proba bat, elkarrizketa, kamera... Hurrengo egunean deitu zidaten. Ez neukan beste ezer, eta ondo!

 

Famatua izatea, telebistaren albo-kaltea.\"\"

Norentzat den, zelan eroaten duzun, horren arabera. Ezaguna zara, baina igoal horregatik jende jatorra ezagutzen duzu. Parrandan, jendea etortzean, behin baino gehiagotan bai pentsatzen duzu ea  noiz  amaitzen den. “Bai tipo edo tipa astuna!”, diozu.  Baina seguruenik, telebistan agertu barik ere antzera.

 

Gaur egun deituko bazintuzte?

Ez  noa. Hor hasi nintzen beste ezer ez neukalako. Ondo polita, baina segurtasunik bakoa. Baldintzak ez dira izaten onenak. Jendeak pentsatzen du telebistan behar egiteagatik ez dakit zer izango zarela eta ez dakit zenbat kobratuko duzula. Benga, txo! Gainera, programagatik harro nago; gazteekin lan egitea polita da. Baina, telebista, telebista da. Suhiltzailerako probak egiten nengoen, eta aukera sortzerakoan telebista utzi nuen. Ez dut haren faltarik.

 

Zer dela-eta etorri zinen Bilbotik Otxandiora?

Ingalaterratik bueltatzean, beste lagun batzuekin Bilbotik alde egin eta baserri bat hartzea pentsatu genuen. Eskalatzea gustatzen zaigunez, Atxarte  inguruan zerbait topatzea gura genuen. Hemen, Otxandion topatu genuen pisutxo bat. Lur batzuk utzi zizkiguten, eta hor hasi ginen oilo batzuk ipintzen; handik gutxira astoa... Gero Gasteizko suhiltzaileenean lana irten zitzaidan, eta hemendik hara hogei minutuan, ederto!

 

Ez al zenuten, bada, baserrian bizi gura?

Horren ostean beste pisu bat hartu genuen. Orain dela lau urte,  lur-sailtxo bat erosi genuen hemen parean, Oletan. Hiru urtetan hiruron artean etxea egiten ibili gara. Esperientzia sinestezina da. Alde praktikotik eskuekin egiten ikasten duzuna dago, ikusten duzu posible dela halako zerbait egitea. Bestalde, lagun arteko erlazioan kristoren apustua egiten duzu. Zure buruaz  pila bat ikasten duzu. Emaitza ikusita oso pozik gaude denok. Lekua zoragarria da; oraindino sinetsi ere ez!

 

Abelburuak ere badituzue.

Gogoratzen naiz gure lehenengo ahuntzak hartu genituenean. Orain dela bost bat urte izan zen.  Hiru ahuntz eta hiru artzai atzetik. Hemendik barre galantak egin dituzte gugaz! Baina tira, horrela ikasten da. Orain hogei bat ahuntz dauzkagu. Behorrak hartu genituen gero, eta iaz txekorra ere bai: gure Jazinto. Ahal dena egiten dugu, hirurok gabiltza-eta  bakoitza bere beharrean. Polita da jende zaharragaz berba egitea eta eurei aholkua eskatzea. Jakituria handia galduko da hor.

 

Zelakoa da suhiltzailearen beharra? Kontatu zeintzuk diren alde onak eta txarrak.

Lanpostu zoragarria da.  Beharragatik eta ordutegiagatik.  Gasteizen astebete egiten dugu  lan, egunean hamabi ordura. Gero astebete jai edukitzen dugu. Bere alde txarrak-edo izan ditzake. Hainbat irudi gogor ikusi ditzakezu, baina egunerokoa ere gogorra da eta telebistan agertzen direnak seguruenik askoz gogorragoak dira. Oso aberasgarria da. Eta edonora joanda ere, maitatua zara. Ezer ez egiteagatik askotan. Erle batzuk pertsiana-kaxoitik atera eta esaten dute: “Eskerrikasko! Zerbait gura duzue?”. Ez! Mesedez, txo! Hau gure lana dela!  Zuzenekoa da, eta jende asko ezagutzen duzu. Ordenagailu aurreko lana, hainbeste ordu emanda, bai izango litzatekeela gogorra!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!