"Umeekin berba egitea magikoa da"

Anboto 2012ko api. 27a, 13:35
Bilbon jaio zen Antton Bastero, zortzi neba-arrebadun familian. Amamari eta aitari ikusitakoagaz zaletu zen antzerkiaren eta txotxongiloen mundura. 33 urte joan dira dagoeneko panpinei bizia ematen hasi zenetik. Getxon bizitzen egon ostean, otxandiar bihurtu da azken zazpi urteotan

Bilbon jaio zen Antton Bastero, zortzi neba-arrebadun familian. Amamari eta aitari ikusitakoagaz zaletu zen antzerkiaren eta txotxongiloen mundura. 33 urte joan dira dagoeneko panpinei bizia ematen hasi zenetik. Getxon bizitzen egon ostean, otxandiar bihurtu da azken zazpi urteotan.

 

Artekale Eguna lehenengoz egingo duzue domekan.

Ilusioz gaude. Eguraldiari begira ere bagaude apur bat, baina euria eginez gero ikuskizun gehienak frontoian, aterpeetan eta tabernetan mantenduko ditugu. Ez da gauza bera, kale antzerkia delako eta ez aterpekoa. Baina tira, jendeak zerbait ikusi ahal izango du. Jendeak jakin dezala doan izango dela guztia; guk ere borondatez egingo dugu beharra.

 

Toni La Sal legez ere ezagutzen zaitu hainbatek.

33 urte daroat honetan. Lehenago Antzezkizuna konpainiagaz, baina orain Toni La Sal pertsonaia eta taldea daukat. Beste eredu bat asmatu dut: aktorea naiz eta txotxongiloak erabiltzen ditut aldi berean. Toni La Sal kasko gorriagaz eta betaurrekoekin agertzen da beti. Antzezlan guztietan azpikontratatutako enpresa batean egiten du lan, prekarietatean. Nagusi oso maltzurra dauka. Adibidez, garbitzaile dabil eta nagusiak esaten dio banku bat lapurtu behar duela beretzat. Domekan, Teleipuinak lana eskainiko dut, eta hor ere berdin: errepidean seinaleak ipintzen dabil eta nagusiak esaten dio telebista bat konpontzera joateko. Kritika bat da, gazteek zerbait ikasi eta azkenean beste edozein gauza egin behar dutelako.

 

Zelan hasi zinen honetan?Nondik datorkizu zaletasuna?

Beste batzuk aktore izan dira eta hortik pasa dira txotxongiloekin ibiltzera. Ni ez. Ni hasieratik txotxongilolaria izan naiz. Nire amama margolaria zen eta beragaz egin nuen lehenengo txotxongiloa. Nire aitari asko gustatzen zitzaion jaietan edo urtebetetzeetan txotxongiloekin ibiltzea. Beharretik etortzen zenean antzezten zuen guretzako. Hamasei urtegaz, aktore hasi nintzen lagunekin. Azkenean, pertsona bi geratu ginen, eta proposatu nion biok ezkontzeko eta txotxongiloa egiteko. Baietz esan zuen. Hamazazpi urte egon ginen. Duela zortzi urtetik, emakumea, herria eta antzerki mota aldatu dut.

 

Zer dauka txotxongiloak, berezi izateko?
\"\"

Berez, panpina zerbait bizigabea da. Zuk ahotsa, mugimendua eta azken batean bizia ematen diozu. Oso gauza polita da jendeak sinestea. Emanaldiak amaitzean, beti dago umeren bat atzera etorri eta esaten duena: “Zuk mugitu dituzu, e!”. Eurekin berba egitea gauza magikoa da. Hori da erakargarriena.

 

Hainbeste urtetan, ikuslearengan aldaketa igarri duzu?

Gero eta ume gutxiago dago. Lehen umeak bakarrik etortzen ziren, eta orain gurasoak ere badatoz eurekin. Familiarentzako lana egiten dut. Lehen esaten zuten “zer polita den txotxongiloa!”, eta orain “umeari gustatu egin zaio eta emango didazu?”. Gu zortzi ginen etxean, eta “Zuk jan duzu gaur?” galdetzen ziguten ia. Gaur egun ume bakarra daukate eta gura duen guztia ematen diote.

 

Antzerkiak zuzenekoaren magia dauka.

Antzerkia komunikazioa da. Behin, eskola batean, nire pertsonaiak galdetzen zuen ea nondik joan zitekeen leku batera, eta ume guztiek oihuka: “Handik!”. Moja bat txilibitua jotzen eta isiltzeko esanez hasi zen. Antzerkia hori da, baina!

 

Titiriteroa zarela diozu, inongo lotsa barik.

Nire lehenengo emaztearen errolda-agiria aldatzen joan ginenean, lanbidea galdetzen zuen formularioak. “Zer gara gu?”, esan zidan. “Ipini titiriteroa!”, esan nion. Udaltzaina barrez lehertu zen. Orain ez dakit, baina Aldundiko aktibitate ekonomikoetan, ez zen agertzen titiriteroa. Funtzionarioak Director de escena edo Marionetero proposatu zidan. Nik ezetz. Karikato ipini nuen, eta geroztik hori naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!