Durangaldea aukeratu dute I. Artekale Eguna egiteko. Euskal Herriko kale-artistak batuko dira apirilaren 29an Otxandioko kale eta kantoietan, eta egitarau zabala aurkeztu dute, hasi goizetik eta ia iluntzeraino.
Jai giroan eta lagun artean elkartzeko antolatu dute, aurten lehenengo biderrez, Artekale Eguna. Euskal Herriko 35 konpainiatako artistak Otxandion batuko dira, euren lanaz berba egin eta herritarren gozamenerako.
Datorren domekan, apirilaren 29an, “jai erraldoia” egongo da herriko kaleetan zehar,
goizean goiz hasi eta eguna ilundu aurretik: animazioa, zirku tailerra, erakusketak eta mota guztietako hamahiru ikuskizun.
EGITARAUA
|
Kale-arteen profesionalen Artekale elkarteak eta Otxandioko Udalak elkarregaz prestatu dute egitaraua. Bezperan, apirilaren 28an, afari berezia egingo dute elkarteko kideek, eta gonbidapena luzatu dute, gura duten otxandiar guztiak mahaiaren bueltan batzeko beraiekin batera.
Afarira doazenek, Jon Zabalen Pensamientos encontrados lana ikusteko aukera izango dute, gaztetxean. Lan horretan, “ilusionismo psikologikoa” jorratzen dela adierazi dute antolatzaileek.
Aterpean eskainiko duten ikuskizun bakarra izango da, kalean izango direlako hurrengo eguneko ikuskizun guztiak, mota guztietakoak. 10:00etan hasi eta txotxongiloak, clown-a, zirkua, kalejirak eta antzerkia, eta ikuskizun batzuk, modalitate bat baino gehiago uztartzen dituzten lanak izango dira.
Berezitasunen artean, Sebastopoleko Titiriteroak taldeak, jaialdirako bereziki sortu du Otxandioko maskarada. Andikona plazan izango da, 17:45etan hasita.
Bestalde, Gaitzerdi Teatro taldeak, “Otxandioko eguneroko paisaje urbanoa eraldatuko du” Armenio ikuskizunagaz, antolatzaileek adierazi dutenez.
Komediak tarte zabala edukiko du. Esaterako, publikoari barreak eragiten ahaleginduko da Trapu Zaharra konpainia, Avería kale antzerkiagaz. Baita Teatro Salitre taldea ere On egin mon amour obragaz.
Umeentzako bereziki
Umeei bereziki zuzendutako lanak ere izango dira Artekale Egunean. Adibidez, Teleipuina, txotxongiloak eta antzerkia uztartzen dituen lana, Toni La Sal taldearena; edota Momentu Ridiccoli, En La Lona taldearena, eguneko lehen ikuskizuna, hain zuzen ere, hainbat teknika batzen dituena: clown-a, txotxongiloak eta zirkuko teknikak.
Bestalde, kaleko artisten lana hobeto ezagutarazteko, konpainien eta jaialdien materialak ipiniko dituzte ikusgai erakusgela eta kale kantoietan.
“Kaleko arteen zirkuitua
|