"15 urte egin aurretik 180 kilokoa altxatu gura dut"

Anboto 2012ko ots. 3a, 09:34
Otxandion bizi da baina abadiñar sentitzen dela dio, handik dator-eta.. Harri-jasotzen marka guztiak apurtzen dabill 14 urteko mutil gazte hau, eta asmo berriak ere baditu. Indartsua da Urdax; indarra daukate bere muskuluek, eta bere buruak ere bai.

Otxandion bizi da baina abadiñar sentitzen dela dio, handik dator-eta.. Harri-jasotzen marka guztiak apurtzen dabill 14 urteko mutil gazte hau, eta asmo berriak ere baditu. Indartsua da Urdax; indarra daukate bere muskuluek, eta bere buruak ere bai. Plazagizona dela erakutsi digu gure galderei erantzutean.

 

Zelan murgildu zinen harri-jasotze munduan?

Batez ere, etxean herri-kiroletarako afizio handia beti egon delako hasi nintzen, bederatzi urtegaz. Lehengusua ere ibilia zenez, beti eduki nuen proba egiteko gogoa. Hasi eta gustatu egin zitzaidan. Jolasa zen hasieran, baina orain kirol moduan hartuta aurrerantza noa, apurka-apurka.

 

\"\"Dagoeneko bost urte daramatzazu...

Eduki ditut gorabehera batzuk ere. Lehenengotan aitagaz ibili nintzen entrenatzen. Baina aita hil zitzaidan, eta Zelaigaz-eta hasi nintzen gero. Oso gustura nabil eurekin.

 

Makina bat errekor ere ondu duzu...

2007an 75 kiloko harria altxatu nuen. 10 urtegaz 100 kiloko marka ondu nuen, eta 11 urtegaz 114koa, Otxandioko plazan. Urteotan igotzen joan naiz, eta iazko urrian 170 kiloko harria berdindu nuen Algortan.

 

Zein da zure hurrengo helburua? Zer marka daukazu begiz jota?

15 urte egin baino lehenago, uda partean-edo, 180 kilokoa altxatzea. Ikusiko dut, oraindik asko geratzen da-eta; ondo prestatu beharko da.

 

Ba al daukazu gogoko harririk?

Era askotako harriak daude, eta bakoitza erraztasun handiagoa ematen dionera moldatzen da. Batzuek txikiak gura izaten dituzte; zilindrikoa edo kubikoa, esaterako. Beste batzuek handiagoak; errektangularra, adibidez.. Nire kasuan, zilindrikoa da ez zaidana ondo etortzen, baina berez harri guztiak gustatzen zaizkit.
 

Nor da zure erreferentea harrijasotzaileen artean?

Denerik dago, eta, gainera, bakoitzak bere helburu eta markak dauzka. Esaterako, Izetak kubikoan erakutsi izan du gaitasuna, Goenatxok ere kubikoan baina pisu handietan, Zelaik harri txikiekin jasoaldi asko egin ditu... Ez daukat erreferente bat bakarrik.

 

Mallabiko taldeagaz zabiltza orain entrenamenduetan.

Hiru gazte gabiltza batera, eta gustora jarduten dugu taldean. Lagunekin-eta beste gauza bat da. Gainera, batak besteari gauzak erakusten dizkiogu.

 

Zelakoak dira zure lan-saioak?

Bi entrenamendu mota egiten ditut, normalean. Bat arnasa lantzekoa, jasoaldi asko egin eta gorputzari astindua ematekoa. Bestea gorputzera indarra ekartzekoa, harri handiagaz.

 

Zaindu ere egin beharko duzu apur bat, ezta?

Marka bat egiterakoan prestatu beharra duzu, bai. Ni errugbian ere banabil, eta momentu tarteka errugbia utzi behar izaten dut, marka egin aurreko astean-edo. Muskuluak lasai eduki behar dira halakoetan, kargatu barik. Bestela, ez zaude %100ean harria altxatzerakoan.

 

Errugbian ere bazabiltza, beraz. Zer kirol duzu gurago?

Biak datozkit ondo, eta ondo bateratzen ditut, antzekoak dira-eta. Errugbiak arnasa edukitzen laguntzen dit harria altxatzeko; oso gustura nabil. Harriak gehiago tiratzen nau, edozelan ere.

 

Zer sentitzen duzu harria altxatzea lortzerakoan?

Hileetan eta hileetan prestatzen egon zarena betetzea esan gura du, eta oso momentu pozgarria da. Nahiz eta jakin entrenamenduetan altxatu duzula, plazak beste giro eta emozio bat ematen du; baita nerbioak ere.

 

Eta altxatzen ez duzunean?

Oraingoz ez zait gertatu ez altxatzea, eta gero ere ez pasatzea itxaroten dut.

 

Aurrera begira ere ikusten al duzu zure burua kirol honetan?

Oraingoz oso gogotsu nabil, eta lesiorik-eta ez badaukat jarraitzeko asmoa daukat.

 

Zer lan egingo dozu Abadiñoko jaialdian?

Abadiñon marka berri bat egiteko asmoa daukat; 175 kiloko harria altxatzea gura dut. Azkenean, Abadiñokoa naiz, eta gustura jasotzen dut harria nire herrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!