"Kopako finalean egongo naiz seguru; Mirandesegaz ez bada, Athletic animatzen"

Anboto 2012ko ots. 5a, 08:10
Ilusioa zelaian eta zurrunbiloa handik kanpora. Horixe da Mirandeseko jokalarien azken asteetako bizimodua. Elkarrizketa egin diogun biartean, mugikorra jo eta jo ibili ei zaio. Eta San Mames etortzeko dago oraindino.

Ilusioa zelaian eta zurrunbiloa handik kanpora. Horixe da Mirandeseko jokalarien azken asteetako bizimodua. Elkarrizketa egin diogun biartean, mugikorra jo eta jo ibili ei zaio. Eta San Mames etortzeko dago oraindino.

 

Ligako talderik handienen moduan, hedabideen jomuga zarete asteotan.

Gure artean ez dugu hainbeste komentatzen, baina inguruko giroa berezia da; entrenamendura etortzen den zale kopurua, prentsa aretora batzen diren kamara guztiak, mugikorrean izaten ditudan dei eta mezu konstanteak… Balentria txiki bat egiten gabiltzala sumatzen dugu.

 

Zelaian erakusten duzuena ez da gutxiagorako. Martitzenean ere, azken minutuan gola.

Azken segundora arte ez etsitzea da gure lema. Nik uste gol horregaz kanporaketa oraindino zabalik geratzen dela.

 

\"\"Carlos Pouso entrenatzailearen arabera, San Mamesera ez zarete egunpasa joango.

Ezta gutxiago ere! Kanporaketa hau sari bat da guretzat eta disfrutatzeko prest gaude, baina ez gara denborapasa joango, daukagun dena ematera baino.

 

San Mamesen jokatzeak ere badauka bere xarma.

Mirandeseko taldekide erdiak edo gehiago Athletic zaleak gara, eta bai: San Mamesen jokatzea sari ederra da guretzat.

Zure hainbat lagun joan zen Mirandara. Zer esan zizuten partida hasi aurretik?

Nire koadrilako denak Athletic zaleak dira. Bihotza erdibiturik zutela esango nuke, baina denak Mirandeseko kamiseta jantzita joan ziren, eta ez da gutxi. Kopako finalera joateko asmo finkoa dute. Ni neu ere Athletic zalea naiz, eta Kopako finalera joateko asmoa dut: Mirandesegaz zelaian ez bada, Athleticegaz harmailetan egongo naiz, entrenamenduek modurik ematen badidate.

 

Martitzeneko partida berezia izan bazen, Espaynolen kontrakoa magikoa suertatu zen.

Bartzelonan galdu eta etxean ere galtzen hasita, kanporaketa gaitz ikusten genuen, baina azkenera arte borrokan jarraituta ezinezkoa zirudiena lortu genuen. Imajinatu zelako poza!

 

Gau hartan bai, baina hurrengo egunean ez zenuen gozatzeko astirik izan.

Ingenieritza teknikoa ikasten nabil, eta azterketa bat prestatzen ibili nintzen. Futbola eta ikasketak bateratzea ez da beti erraza, baina ikasketak amaitzeko animoz nago. Futboletik bizi daiteke jokatzen duzun artean, baina gerorako bideak zabaltzea garrantzitsua da.

 

 

Gaur egun, krisiagaz futbola ere larri dabil. Hortxe dugu Lemoaren kasua. Antzekorik bizi izan duzu inoiz?

Gogoan dut Extremaduran egon nintzenean sei hilabete eman genituela kobratu barik. Ni bakarrik bizi nintzenez, egoerari eutsi ahal izan nion, baina seme-alabak eta familia zituzten batzuek txarto pasatu zuten.

 

Durangoko Kulturalean jokatu zenuen 2002/03 denboraldian. Zer gomuta daukazu?

Asko gazte mailatik elkarregaz jokatzetik gentozen. Gora igotzen beteranoagoak zirenekin ondo elkar hartu genuen, eta, zelanbait esatearren, familia handi bat ginen. Oso gomuta onak dauzkat, egia esanda.

 

 

Anaia Anderrek Kulturalean jokatzen du. Lortuko ote dute aurten play off postua?

Gaitza da. Esperientzia eta diru gehiago daukaten taldeak daude; Barakaldo eta Portugalete kasurako. Hala ere, dena da posible; iaz Amorebieta igo egin zen, eta aurten ederto dabiltza 2. B mailan. Beraz, lortu dezakete.

 

Amorebieta aipatu duzu. Asteburuan euren kontra jokatuko duzue etxean.

Berriro gora egin dute, eta indartsu datoz. Kopa apur bat alboratu eta partida horretan zentratu beharko dugu, irabaztea gura badugu.

 

Ibilbide luzea daukazu 2. B mailan. Tokero eta Koikiliren adibideak ezagututa, zeure burua goragoko mailan aritzeko esperantzarik badaukazu?

Horrelako mailetan une egokian toki aproposean egoteak asko esan gura du. Batzuetan 1. mailako eta 2. B mailako taldeen artean ez dago hainbesteko alderik; berdin 2. mailakoekin.

 

Ezagutzen duzu Koikili?

Bai bera eta bai Tokero. Ni Alaves Bn nengoenean ezagutu nuen Gaizka. Koikiligaz ez naiz aspaldian egon; Gabonetan elkar ikusi genuenean, gure Kopako ibilbidea berbagai izan genuen, baina harrezkero ez dut ikusi.

 

Iaz dena alde zenutela, ustekabean igoera barik geratu zineten Mirandesen. Kirol ibilbideko unerik gogorrena izan zenuen?

Duda barik. Gol gehiago sartzeko aukerak izan genituen, eta igoera oso gertu ikusten genuen. Despiste txiki batek utzi gintuen kanpoan. Bost egun egin nituen telefonorik hartu barik, eta ia inogaz berbarik egin barik; oso gogorra izan zen.

 

30 urte dauzkazu. Aurrerantzean zer eskatzen diozu futbolari?

30 urtegaz fisikoki beheranzko joera hasten dela diote, baina ni ondo sentitzen naiz; alde horretatik gustura nago. Etorkizunari zer eskatzen diodan? Bigarren mailan urtetxo bat eskatzen diot, balio dudan ala ez bertatik bertara konprobatzeko. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!