"Ardia, udan, mendian baino hobeto ez dago inon"

Anboto 2011ko ira. 16a, 12:25
Zapatuan, Ardi Jaiaren baitan, Transhumantzia erakustaldia egingo du Durangoko kaleetan zehar Felix Ajuria artzain oletarrak

Zapatuan, Ardi Jaiaren baitan, Transhumantzia erakustaldia egingo du Durangoko kaleetan zehar Felix Ajuria artzain oletarrak.

\"\"Orain dela 12 urte hartu zuen artzain izateko erabakia, eta ez da damutu. Aurrera begira, gainera, baikorra izateko arrazoiak badaudela dio, eta aukera berrien inguruan egin digu berba. Bere anaia Martinegaz gobernatzen ditu ardiak, eta Idiazabal zigiluko gazta ere ekoizten dute.

 

Nondik dator zapatuko ekimena?

Durango aldeko zein Otxandio aldeko artaldeak, Urkiolatik gora, Anboto inguruko mendietara eroaten dira. Ematen duenez, duela urte batzuk Durangotik joaten zirenak herriko kaleetatik pasatzen ziren; horixe imitatu gura dugu zapatuan. Modu horretan, artzaintza zer den erakutsi eta hurreratu gura diegu herritarrei. Bestalde, garrantzitsua da +Dendak gugana hurreratu izana, elkarri esku bat botatzeko. Gainera, aurten Gerediaga ere batu da; baita Artzaigazta eta ACOL gure elkartea ere.

 

Zelan egiten duzue zuek transhumantzia?

Maiatzean hasit,a zatika igotzen dugu artaldea. Azaroaren erdialdera arte-edo egoten dira bertan. Ardia udan han baino hobeto ez dago inon: bertan dauka eguraldi freskoagoa, jatekoa ere nahikoa dauka, eta osasuna hartzeko leku ona dauka. Garrantzitsua hori da, ardiak han daudela osasuna hartzen. Transhumantzia betiko ohitura da; Euskal Herrian mendiko artzaintza egin izan da. Ez gara konturatzen mendiak gizartearentzako baliabide ekonomikoa direla; guk hori ustiatu eta balioa ematen diogu. Gainera, goi-mendietako paisaiak nekazaritzari eskerrak dira halakoak.

 

Ez zaude bakarrik honetan...

Bi anaia gara: Martin eta biok. Bi izanda, urte osoan zehar antolatu gaitezke; asteburuak libre edukitzeko, oporrak hartzeko... Lan gehien urtarriletik uztailera izaten dugu: urtarrilean bildotsak jaiotzen hasten dira, eta bildotsak kendu ahala, ardiak batzen eta gazta egiten hasten gara, martxoan. Uztailetik aurrera, antolaketa kontuak, negurako prestaketak eta gazta salmenta izaten ditugu beharrerako.

 

Aurretik irakasle ere izan zinen, jakin dudanez.

Unibertsitatean biologia ikasi eta gero irakaskuntzan ibili nintzen; zorionez, tarte laburrean. Berehala konturatu nintzen ez zela niretzako lanbide egokia. Gero zazpi urte egin nituen tekniko legez, EHNE sindikatuan. Martinek hartu zuen lehenengo artaldea, eta gero, bakarrik ezin zuela-eta, ni batzea proposatu zidan. Ez naiz damutzen erabakiaz. Norbaitek galdetzen didanean ea artzaintza gogorra den, nire irakaskuntzako lehen egunaz gogoratzen naiz: Azpeitiako ikastolan izan zen, fisika klase bat ematen. Hori bai dela gogorra! (barrez).

 

Ardia menpeko animalia leloa dela dio mitoak.

Nire anaiak beti esaten du ardia ez, artaldea dela tontoa. Eta ez ardietan bakarrik, pertsonetan ere horrela da. Ardia beste edozein animalia lakoa da; taldeko ohiturak ditu, eta beharbada hortik etorriko da kondaira hori. Baina ardia oso animalia argia da, libre dagoenean oso ondo dakiena bere bizimodua antolatzen.

 

Zelan ekoizten duzue gazta?

Guk 450 ardiko taldea erabiltzen dugu, eta aurten 7.500 kilo gazta inguru egin dugu. Gaur egungo instalazioekin, baina gure amamak erakutsitako antzinako eran ekoizten dugu. Etxeko legar naturalagaz egiten dugu %100ean, eta beste ezelako ezer bota barik. Gure gazta, kasu batzuetan, zaporez indartsuagoa izan daiteke, baina bezeroek hori baloratzen dute, betiko gazta izatea. Komertzializaziorako, salmenta zuzenean gabiltza, bi aldeentzat ekonomikoki hobea delako. Bestalde, komertzio txikiekin ere lanean hasi gara. Hartu-eman hori da apustua, nire ustez, kontsumitzaileari kalitaezko produktua eskaintzeko.

 

Sektorearen gaineko ikuspegi baikorra erakusten duzu.

Nire iritziz, neurri batean baserritarron esku dago etorkizunean izango garena; gazte batzuk ere badatoz orain atzetik. Jakoba Errekondok zioen artzainak ez duela inoiz eduki gaur besteko baliabide eta tresnarik. Eta egia da. Ondo antolatu behar da, produktu ona egin eta konstumitzaileengana ondo hurreratu behar da. Horregaz, eta Euskal Herriko nekazaritza politikan laguntza apur bategaz, etorkizuna badago. Europan zehar ikusi dudan baserritar txikien kopuruari eta euren baliabideei begiratuz, ateratzen dudan ondorioa zera da: hemen egin den nekazaritza politika baino okerragorik ezin daiteke egin. Hemengo baserritarren desagertze maila, uste dut Europan ez dela inon eman.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!