Urduri zaudete?
Itxaso Zamora: Apur bat. Baina zabaltzeko gogo handia dugu.
Xabi Bilbao: Oso gogotsu gaude, bai. Herria ezagutzen dugu, mañariarrak ezagutzen ditugu, eta taberna hartzera animatu ginen. Oso aukera ona iruditu zitzaigun.
Zer eskaini gura duzue Errekondon?
I.Z.: Oinarrizko eskaintzagaz hasi gura dugu, ogitartekoak, errazioak eta plater konbinatuak eskainita. Eta aurrerago erretokia ere ipini gura dugu martxan. Herriak zelan erantzuten duen ikusi gura dugu, eta horren arabera jokatu. Gazteak ere erakarri gura ditugu.
X.B.: Herriaren beharrizanei erantzun gura diegu, eta, horretarako, mañariarren eskariak entzun gura ditugu. Orain 30 urteko Errekondo hura ekarri gura dugu, jantokia eta erretegia zituena, eta poltsiko guztientzako moduko janari karta xumea landu.
Egunero zabalduko duzue taberna.
X.B.: Bai. Aste barruan goizean goiz zabaldu gura dugu, 07:00-07:30 aldera. Eta 22:00 aldera ixtea pentsatu dugu. Dena dela, baliteke lehenago ixtea. Asteburuan geroago zabalduko genuke, eta itxi ere bai. Bidea egin ahala, ordutegia egokitzea da gure asmoa.
Zelako harrera itxaroten duzue?
X.B.: Herritarrek gogoa dute Errekondo zabaltzeko, eta harrera ona espero dugu.
I.Z.: Mañariarrek oso ondo hartu gaituzte eta aurrera jarraitzeko animoa eman digute. Horrek bidea hasteko gogoa eman digu.
Mañaria mendiz inguratuta dago eta asteburuetan bisitari asko joaten da herrira.
I.Z.: Bai. Eta aste barruan ere bai, irteera asko antolatzen da eta. Orain dela egun gutxi, taberna oraindino zabaldu barik zegoela, 40 bat lagun etorri ziren. Herriko taberna ere itxita zegoen eta hemen atea zabalik zegoela ikusita barrura sartu ziren. Pena handiz, baina ezin izan nien ezer eskaini, kafe-makina ere ez geneukan eta.
X.B.: Asteburuan jende asko etortzen da Mañarira, eta Errekondo zabalik egotea ona da, bai guretzat bai herriko beste tabernentzat. Hala uste dut nik. Elkarren osagarri izan gaitezke. Horixe da gure asmoa.
Itxaso, zuk esperientzia handia duzu ostalaritzan. Psikologo lana ere bada tabernariena?
I.Z.: Bai. Entzun, ikusi eta isilik egon. Halaxe diote. Eta nik ere gomendio hori eman diet seme-alabei. Tabernan entzuten eta egoten jakin behar da.
Zelan banatuko dituzue rolak?
X.B.: Familia negozioa da. Ama tabernako barraren eta sukaldearen arduradun nagusia izango da, eta bere senarrak eta biok sukaldean lagunduko dugu, amaren esanetara. Lan administratiboa nik eramango dut.
I.Z.: Alabak ere lan egingo du tabernan.
Bezeroak beti du arrazoia?
I.Z.: Ez da egia.
Gaur arratsalderako irekiera ekitaldi berezia antolatu duzue.
I.Z.: Bai. Herritarrentzat cateringa prestatuko dugu; 18:30etik 20:00etara izango da. Ondoren, otzara bat edo ardo-sorta bat zotz egin gura dugu, denei ondoetorria emateko.
MOTZEAN
Nogaz hartuko zenuke kafe bat?
X.B.: Lehendakariagaz.
I.Z.: Familiako bategaz.
Mañariko txoko bat?
X.B.: San Lorentzo ermita.
I.Z.: Urkuleta.
Jatekorik gustukoena?
X.B.: Espagetiak.
I.Z.: Masailak.
Mendi bat?
Biak: Mugarra.