Aitziber Areitio alkatea %70ean liberatuko da Mañariko Udalean

Anboto

Udalbatzak aho batez onartu du neurria. Liberazioaren helburua datozen proiektuei behar bezala erantzutea eta herritarrengandik gertuago egotea da.

Aitziber Areitio Mañariko alkatea %70ean liberatuko da datorren astetik aurrera, udalak ohar batean azaldu duenez. Udalbatzak aho batez onartu du alkatearen dedikazio-erregimena aldatzea. Areitiok urtebete eta hiru hilabete daramatza Mañariko alkatetzan, orain arte liberaziorik gabe.

Azaroaren 2tik aurrera, alkatea astelehenetik ostiralera egunero egongo da udaletxean, bertako ohiko ordutegian. Dedikazio horri arratsaldetan egiten diren udal-batzarrak, batzordeak, bilerak eta gainerako udal-jarduerak gehitu behar zaizkio.

Areitioren urteko soldata gordina 37.497 eurokoa izango da, aurreko alkateak jasotako zenbateko bera, KPIaren araberako %1,5eko eguneraketa aplikatuta.

Neurriaren bidez, alkateak denbora gehiago izango du udalaren eguneroko kudeaketari eta etorkizunean herrian garatu beharreko proiektuei behar bezala erantzuteko. “Datozen hilabeteetan herriarentzat garrantzitsuak diren hainbat erronka ditugu, eta horiei behar bezala erantzuteko prest egon gura dugu. Liberazioak proiektu horiei merezi duten denbora eta dedikazioa eskaintzea ahalbidetuko dit”, adierazi du Areitiok.

Areitiok herritarrekiko gertutasuna ere nabarmendu du. “Udaletxea herritarrena da, eta herritarren beharrei modu zuzenagoan erantzuteko aukera izango dut. Ateak zabalik egongo dira zerbait proposatu, galdetu edo partekatu gura duen edonorentzat”, adierazi du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!