Mañariko Udalak Errekondo tabernaren kudeaketa esleitu du

J.D.

Kudeatzaile berriek azaroaren lehen hamabostaldian zabaltzea dute helburu.

Lehiaketa publikoa egin eta beharrezko izapide guztiak igaro ostean, Mañariko Udalak Errekondo tabernaren kudeaketa Xabier Bilbao eta Itxaso Zamora ama-semeei esleitu die, udalak bere webguneko albistean jakinarazi duenez. Taberna urte hasieratik egon da itxita, eta kudeatzaile berriek azaroaren lehen hamabostaldian zabaltzea dute helburu. Bi aurpegiak ezagunak dira herrian: Bilbao mañariarra da, eta Zamora ere hainbat urtez bizi izan da herrian. “Ilusio handiz gaude biok, eta taberna zabaltzeko desiatzen. Herriak berriro ere Errekondogaz gozatu dezan gura dugu”, adierazi du Bilbaok.

Aitziber Areitio Mañariko alkatearen esanetan, “albiste ona da Errekondok berriro ateak zabaltzea eta herrian beste zerbitzu bat martxan jartzea. Gainera, pozgarria da Mañariarekin lotura duten bi lagunek hartu izana proiektuaren ardura. Espero dugu Errekondok herritarren egunerokoan bere lekua egitea eta herriko bizitzaren topagune izaten jarraitzea”.

Etxeko janaria, prezio eskuragarriak
Kudeatzaile berriek argi dute zer nolako Errekondo gura duten: betiko janaria, etxeko sukaldea eta herriko ohituretara egokitutako taberna-jatetxea. “Herritarrek eskatzen duena eman nahi dugu. Betiko jatetxe bat, etxeko janaria eta ohiko platerak eskaintzen dituena”. Izan ere Bilbaok horrelaxe gogoratzen du bere umetako Errekondo: “Holantxe daukat akorduan, primeran jaten den jatetxe herrikoi bat eta guk horixe bilatuko dugu”. Ildo horretatik, herritarren egunerokotasunera egokitutako eskaintza eta prezioak izango dituzte ardatz.
Hasieran, barra-zerbitzuarekin hasiko dira, eta janaria geroxeago eskaintzen hastea aurreikusten dute. Asmoa da egunero bazkariak ematea, eguneko menuak, bokatak, plater konbinatuak eta parrilladak eskainita. Afariak asteburuetan emango dituzte; astegunetan ere eskainiko dituzte, baina enkarguz.

Zamorak ibilbide luzea du ostalaritzan eta urte askoan lan egin du sektorean, hainbat lekutan. 23 urteko Bilbao, berriz, ostalariz inguratuta hazi da eta sukaldea betidanik gustatu izan zaio. “Sukaldeak beti erakarri nau. Asko gustatzen zait bertako giroa”, azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!