Domekako saioak edukitako harrera beroa ikusita, antolatzaileek Damarena antolatzen jarraituko dute aurrerantzean. Urtean bitan ospatuko dute, eta iragarri dutenez, hasita daude bigarren edizioa prestatzen.
Domekako saioa arrakastatsua izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Bisita gidatu batekin hasi zuten jardunaldia, Iratxe Jaiok eta Klass van Gorkumen prestaturiko Litologika lana interpretatuta. Eta, arratsaldean, garai bateko harrobia musikaz bete zen Haize Arrosaren kontzertuagaz. Bertan, sorpresa ugari egon zen, hala eskualdeko sortzaileen parte hartzea (De Norte a Sur dantza taldea, Eneko Abasolo 'Abarkas' bertsolaria) nola Durangaldetik kanpokoena (Miren Agur Meabe idazlea eta Maixa eta Ixiar musikariak besteak beste).
Kontzertua amaitzean, bertaratuek eskualdeko ekoizleen produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izan zuten, Garai Kontserbakeko lagunen eskutik.
