Mañaritik Atxetarak 800 parte hartzaile batuko ditu bere hirugarren aldian, zapatuan

Joseba Derteano

Angurretan aurkeztu zuten aurtengo aldia. Ondoren, solasaldia izan zen zenbait mendi korrikalarigaz.

Mañaritik Atxetara mendi lasterketak hirugarren edizioa egingo du zapatuan, eta aurten 800 parte hartzaile baino gehiago bilduko ditu, lau lasterketak eta mendi martxa kontuan hartuta. Kafraga elkarteak antolatu du ekimena, Mañariko Udalaren laguntzagaz.  

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango du. Alde batetik, 13 kilometroko lasterketa berria antolatu dute. Proba Durangaldeko Koparen barruko lasterketa puntuagarria izango da, Sugaar Koparako, hain zuzen ere, eta distantzia laburragoetan lehiatu gura duten korrikalariei zuzenduta dago.

Bestalde, mendi martxaren ibilbidea ere luzatu egin dute parte hartzaileen eskaerei erantzunez; 13 kilometrotik 19 kilometrora (1.150 metroko desnibel positiboa). Ibilbideak Atxarte, Asuntza eta Urkiolako beste hainbat gune esanguratsu zeharkatuko ditu, eta mendiaz lasaiago gozatzeko aukera eskainiko du.

22 kilometroko proba Durangaldeko Koparen barruan dagoen Mari Koparako puntuagarria izango da. Antolatzaileek aurreratu dute sailkapeneko lider biek parte hartuko dutela. Azkenik, 43 kilometroko proba ere egongo da, denetan gogorrena.

Parte hartzaileen hazkundea
Parte hartzearen bilakaera nabarmena izan da azken hiru edizioetan. 2024an 370 parte hartzaile inguru izan ziren, iaz 530, eta aurten 800etik gora izango dira. Gainera, antolatzaileek aurkezpenean nabarmendu zutenez, emakumeen parte hartzeak ere "goranzko joera" izan du; aurtengo parte hartzaileen %23 dira emakumeak.

Egunak haurrentzako lasterketak ere izango ditu. 3tik 14 urtera bitarteko umeei zuzendutako probetan 60 bat haur daude dagoeneko izena emanda, iaz baino gehiago.

Antolatzaileek lasterketen egunean lanean arituko diren 130 boluntarioen lana eskertu zuten. "Egun hau ez litzateke posible izango boluntarioen lana barik", adierazi zuen Mañaritik Atxetarako Ekaitz Goenagak. Esaterako, aurten inoiz baino anoa postu gehiago egongo dela adierazi zuten: bost guztira.

Mañaritik Atxetara ez da lasterketa egunera mugatuko. Ekimenaren inguruan hainbat jarduera antolatu dute. Esaterako, gaur, irailak 18, Barsanti konpainiaren LJ75 antzezlana izango da plazan, 19:00etan. Aurretik, ekintza gehiago ere egin dute, hala nola goi mailako mendi korrikalariekin solasaldia eta Silvia Triguerosen Tor dokumentalaren emanaldia. 

Argazkirik onenak, 'anboto.org'-n
ANBOTO Durangaldeko Koparen babeslea da eta gertuko jarraipena egingo die Mañaritik Atxerara probei. Asteburuan zehar, lasterketa guztietako argazkirik onenak egongo dira 'anboto.org' webgunean. 

Asteburuko egitaraua

Irailak 18, barikua

17:00-19:00 Dortsalen banaketa

19:00 'LJ75' anzterki emanaldia. Barsanti konpainia. Plazan.

Irailak 19, zapatua

08:00 43K lasterketa hasiera.

08:15 Martxaren hasiera

09:00 22K lasterketa hasiera.

09:15 Untzillaitz Zuzen hasiera.

09:30 13K lasterketa hasiera.

13:00 13K / 22K / UZ sari banaketa.

16:00 Umeen lasterketak (3-14 urte).

16:30 43K sari banaketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!