Angurretako gorune batean atondutako hiru harri erraldoik osatzen duten esku-hartzea. Esangura handiko harriak dira. Bizkaiko hiru harrobitatik ateratako harri apaingarriek iraganeko arkitekturan izandako garrantzia islatzen dute: Mañariko harri grisa, Angurretakoa; Ereñoko gorria, Gautegiz Arteagatik ekarria, eta, Markinako beltza. Harri bakoitzak lau eta sei tona artean pisatzen du.
Artista biek harrien pareta batzuk leundu dituzte, bere sasoian arkitekturan eta eskulturan izaten zuten akabera distiratsua lortzeko. "Harriak ekarrik, ebaki, leundu… Harria lantzen genuen lehen aldia izan da. Teknikoki erraza, baina ondo eginda egongo zen zeozer bilatu dugu. Itzeleko lana izan da", adierazi du Iratxe Jaiok gaurko aurkezpenean.
Proiektuak, ordea, harriaren itxuratik harago joan nahi du. Batetik, harriak inguru naturalagaz batu nahi zituzten. Bestetik, proiektua bere testuinguru historikoan kokatzeko azterketa bat burutu dute. "Azkenean harri hauek Mañarian, inguruko herrietan, Bilbon eta beste leku askotan erabili izan dira. Madrilgo Errege Jauregian ere erabili dira. Horrela, ikerketa egiterakoan Madrilgo Errege Jauregiarekin hartuemanetan jarri ginen. Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Departamenduagaz ere hartuemanetan egon gara, ikerketa bat egina baitute harri apaingarrien inguruan", azaldu du Jaiok. Batutako informazioa argitalpen batean jasoko dute.
Bisita gidatuak
Litologika bi urtez egongo da Angurretako harrobian ikusgai, eta bisita gidatuak egingo dituzte. Lehenengo bisita gidatua irailaren 19an egingo dute, 12:00etan, eta Mañariko herritarrei zuzenduta dago. Izena emateko, angurreta@gamial.com helbidera idatzi behar da. Bigarren bisita gidatua irailaren 20an izango da, 12:00etan, publiko orokorrarentzat. Kasu honetan, izen-ematea Angurretako webgunearen bidez egin daiteke.

Klaas van Gorkum eta Iratxe Jaio Angurretako arduraduna den Victor Arrizabalagarekin.