[ARGAZKI GALERIA] Mañaritik Atxetara mendi lasterketak 700 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu bere hirugarren edizioan

J.D.

Gaur aurkeztu dute ekimena Angurreta Harrobia Arte Espazioan. Kafraga elkarteak antolatuta eta Mañariko Udalaren babesarekin, irailaren 19an egingo da proba, eta aurten 13 kilometroko lasterketa eta mendi martxa berritua izango dira berrikuntza nagusi bi.

Mañaritik Atxetara mendi lasterketak hirugarren edizioa egingo du irailaren 19an, eta aurten 700 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu, lau lasterketak eta mendi martxa kontuan hartuta. Kafraga elkarteak antolatuko du ekimena, Mañariko Udalaren laguntza eta babesarekin.

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu. Alde batetik, 13 kilometroko lasterketa berria antolatu dute. Proba Durangaldeko Koparen barruko lasterketa txikien Sugaar Koparako puntuagarria izango da, eta distantzia laburragoetan lehiatu nahi duten korrikalariei zuzenduta dago.

Bestalde, mendi martxaren ibilbidea ere luzatu egin dute parte-hartzaileen eskaerei erantzunez; 13 kilometrotik 19 kilometrora (1150 metroko desnibel positiboa). Ibilbideak Atxarte, Pol-Pol eta Urkiolako beste hainbat gune esanguratsu zeharkatuko ditu, mendiaz lasaiago gozatzeko aukera eskainiz.

22 kilometroko proba, berriz, Durangaldeko Koparen barruan dagoen Mari Koparako puntuagarria izango da. Sailkapeneko bi liderrek parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Parte hartzaileen hazkundea
Parte-hartzearen bilakaera nabarmena izan da azken hiru edizioetan. 2024an 370 parte-hartzaile inguru izan ziren; iaz, berriz, 530, eta aurten 700etik gora izango dira. Gainera, antolatzaileek nabarmendu dute emakumeen parte-hartzeak ere goranzko joera izan duela: aurtengo parte-hartzaileen %23 emakumeak dira.

Egunak haurrentzako lasterketak ere izango ditu. 3 eta 14 urte bitarteko umeei zuzendutako probetan 50 haur inguru daude dagoeneko izena emanda, iaz baino gehiago.

130 boluntario
Lasterketen egunean lanean ariko diren 130 boluntarioen lana eskertu dute antolatzaileek. "Egun hau ez litzateke posible izango boluntarioen lana gabe", adierazi du Mañaritik Atxetarako Ekaitz Goenagak. Esaterako, aurten inoiz baino hornidura puntu gehiago egongo direla adierazi dute: bost guztira.

Ekintzak egun gehiagotan
Mañaritik Atxetara ez da lasterketa egunera mugatuko. Ekimenaren inguruan hainbat jarduera antolatu dituzte. Esaterako gaurko aurkezpenaren ostean mahai-ingurua antolatu dute Oihana Azkorbebeitia, Ainara Urrutia, Garazi Sampedro eta Ainhoa Lendinez mendi korrikalariekin. Irailaren 11n ‘Tor’ dokumentala eskainiko dute eta ondoren solasaldia egongo da Silvia Triguerosekin. Irailaren 18an, bestalde, Barsanti konpainiaren ‘LJ75’ antzezlana izango da plazan.

Azkenik, aurkezpenean eskerrak eman dizkiete Mañariko Udalari eta ekimenaren aldeko babesa eta laguntza eskaintzen duten enpresei.

(Argazkiak: Mañaritik Atxetara)

IRAILAK 11

  • 18:30 ‘Tor’ dokumentala eta Silvia Triguerosekin solasaldia. Kultur etxean.

IRAILAK 18

  • 17:00-19:00 Dortsalen banaketa.
  • 19:00 ‘LJ75’ antzezlana, Barsanti konpainia. Plazan.

IRAILAK 19

  • 08:00 43K lasterketaren hasiera.
  • 08:15 Mendi martxaren hasiera.
  • 09:00 22K lasterketaren hasiera.
  • 09:15 Untzillaitz Zuzen hasiera.
  • 09:30 13K lasterketaren hasiera.
  • 13:00 13K / 22K / Untzillaitz Zuzen sari banaketa.
  • 16:00 Umeen lasterketak (3-14 urte)
  • 16:30 43K sari banaketa.
  • 19:00 43K azken lasterkariei ongi etorria.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!