Agustin Sarrionandia Mañariko alkateordeak dimititu egin du trafikoko arau-hauste bat aitortu ostean

Anboto

Agustin Sarrionandiak, Mañariako alkateorde zenak, zinegotzi kargua utzi du bariku honetan, trafikoko arau-hauste baten erantzukizuna bere gain hartu ostean, Naiz hedabideak argitaratu duenez.

Naizen arabera, Sarrionandiak atzo aurkeztu zuen karguari uko egiteko gutuna. Bertan azaldu duenez, "erantzukizun publikoa dugunok eredugarritasun bereziarekin jokatu behar dugu", eta, horregatik, "pauso bat albo batera ematea" dela egokiena uste du.

Alkateorde ohiak azaldu duenez, erabakia "erakundearen duintasuna" eta "EH Bilduren izen ona" babesteko hartu du, eta "egoera pertsonal batek herritarren onerako egiten den lanean eraginik izan ez dezan".

Sarrionandiak, era berean, "erakundearekiko, herritarrekiko eta beregan konfiantza jarri duten pertsonekiko errespetua" aipatu ditu bere kargu-uztearen arrazoien artean.

Udalak erabakia "errespetatzen" du
Mañariko Udalak Sarrionandiaren erabakia "errespetatzen" duela adierazi du ohar batean. "Bereziki nabarmendu nahi du egoeraren aurrean erakutsi duen ardura kargu publikoa uzteko erabakia hartuta, gertatutakoaren erantzukizuna bere gain hartuz".

Udalaren ustez, "erakunde publikoen eta bertako ordezkari politikoen jardunak herritarren konfiantza izan behar du oinarri; horregatik, zintzotasunez eta erantzukizunez jokatzearen garrantzia azpimarratu nahi du". Era berean, udalak "eskerrak" eman dizkio Sarrionandiari "orain arte Mañariko herriaren alde egindako lanagatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!