Urkiola Landa Garapenak Damarena aurkeztu du, irailaren 20an Mañariko Angurretan egingo den jaialdi berria

J.D. 2026ko irailaren 2a

Urkiola Landa Garapeneko Erramun Osa, Haize-Arrosako Eneritz Gorritxategi eta Eunate Zarrabeitia, eta Angurretako Victor Arrizabalaga gaur egindako aurkezpenean.

Haize-Arrosak "sorpresaz" eta "gonbidatu ezagunez" betetako kontzertua eskainiko du, besteak beste.

Urkiola Landa Garapenak (ULG) Damarena jaialdi berria antolatuko du irailaren 20ko domekan, Mañariko Angurreta espazioan. Ekimena doakoa da eta musika, artea eta bertako produktuak uztartuko ditu. "Damarena lurraldeari begiratzeko beste modu bat da. Gure helburua ez da ekitaldi bat antolatzea soilik, baizik eta Durangaldeak eskaintzen dituen baliabideak, espazioak, produktuak eta kultura bisitariei erakustea”, azaldu du gaurko  aurkezpenean Erramun Osak, ULGko presidenteak.

'Litologia' gune berria
12:00etan, Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum artisten 'Litologika' izeneko instalazio berria estrainekoz bisitatzeko aukera egongo da. Artistek beraiek gidatuko dute bisita, eta horretarako aurrez izena eman beharko da Angurretako webgunean. Aurreko egunean, irailaren 19an, beste bisita gidatu bat egingo da, baina kasu horretan mañariarrentzat eta Angurretako lagunentzat. 

Kontzertua eta produktuen dastaketa
19:00etan, Berrizko Haize-Arrosa taldeak kontzertua eskainiko du. "Guretzat oso berezia da horrelako leku batean jotzea, ilusio handia egiten digu", azaldu du taldeko kide Eneritz Gorritxategik. "Sorpresaz" eta "gonbidatu ezagunez" betetako ikuskizuna izango dela aurreratu du. EITBK emanaldia grabatuko du. Gainera, tokiko produktuen dastaketa ere egongo da.

Bertaratzea errazteko, arratsaldean etengabeko autobus zerbitzua egongo da Mañariko plazatik Angurretaraino. 18:30etik aurrera joan-etorrian ibiliko da autobusa. Angurretatik herrigunerako azken autobusa 21:30ean irtengo da. 

Jaialdiak Mañariko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren turismo sailaren laguntza du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!