Mañariko Udalak kirolgunearen energia- eraginkortasuna eta erosotasuna hobetu ditu isolamendu lanekin

Anboto 2026ko abuztuaren 4a

Jarduketaren bidez, eraikinaren isolamendua indartu da, bero galerak murriztu eta barruko temperatura hobeto mantentzeko.

Mañariko Udalak amaitu ditu kirolgunearen energia-eraginkortasuna handitzeko eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko isolamendu lanak ohar batean jakinarazi duenez. Fitness eta muskulazio geletan egindako jarduketaren bidez, eraikinaren "isolamendua indartu da, bero-galerak murriztu eta barruko tenperatura hobeto mantentzeko".

Lanen barruan, hormetan isolamendua jarri da eta aireztapeneko saretak estali dira. Esku-hartze horri esker, beroaren galera "nabarmen murriztuko da", eta instalazioek "tenperatura egonkorragoa" izango dute urte osoan. "Horrek erabiltzaileen erosotasuna hobetzeaz gain, energia-kontsumoa murrizten ere lagunduko du", azaldu dute.

Jarduketa hau iaz kirolgunean egindako beste hobekuntza baten jarraipena da. Orduan, bero-berreskuragailu bat instalatu zen instalazioetako tenperatura eraginkortasunez erregulatzeko. "Orain amaitutako isolamendu lanekin, sistema hori osatu eta instalazioaren eraginkortasun energetikoa are gehiago hobetu da", adierazi dute.

Horrez gain, kirolguneko sarrerako ateetako heldulekuak berritu dira, ordutegia amaitzean ateak automatikoki ixteko sistema batekin. Hobekuntza horrek instalazioen segurtasuna indartu eta gauez behar bezala itxita geratzen direla bermatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!