Andra Mari dantza taldeak botako du txupinazioa, euren 40. urteurrena borobiltzeko

Joseba Derteano 2026ko uztailaren 27a

Andra Mari dantza taldeak urteurrenean ateratako familia argazkia.

Aste batzuk falta dira Mañariko jaiak hasteko, eta dagoeneko motorrak martxan ipini dituzte. Egitaraua prest dute eta Andra Mari dantza taldeak botako du txupinazoa. 

Taldea orain lau hamarkada osatu zuten, 1986an, inguruko beste herri batzuetan taldeak zeudela ikusi eta herrian hutsune hori betetzeko asmoagaz. Abadetxeko lokal batean egindako lehenengo entsegura 40 bat neska-mutiko joan ziren, eta, urtebeteko beharraren ondoren, Andra Mari egunean, lau-bost taldek dantzan egin zuten. Gerora, herriko ermitetako jaietan ere aritu ziren, eta herririk herri ere bai, Euskal Jaietan, esaterako. Taldea herritarren babesari eta jende askoren lanari eskerrak heldu da gaur egunera. Maiatzean, Jaizale taldeak lagunduta, egun guztiko jaia egin zuten urteurren hori gogoratzeko eta ospatzeko. 

Jaietako lehenengo egunean, abuztuaren 14an, Pitxitxi Iturrietako ur deposituan batu eta gero plazara eramango dute txupinazorako, trikitilariek lagunduta. Txupinazoa 13:00etan izango da. 14:30ean herri bazkaria egingo dute, eta jarraian igel eta mus txapelketak egongo dira; baita egurrezko jolasak ere, gura dutenentzat. Jaietako lehenengo egun horretan autobusak etenik barik ibiliko dira Mañaritik Durangora, 04:00etatik 06:00etara bitartean.

Kontzertuak
Jaietan musika eskaintza zabala ere egongo da. Jaietako lehenengo egunean, Marte Lasarte, La Txama eta Xaukena Xauk taldeek kontzertua emango dute. Marte Lasarte Skakeitan taldeko Borja Anton eta Pello Armendariz kideen proiektu berria da; Belakoko Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (ETS, Gari & Maldanbera) musikariak batu zitzaien proiektura gero. La Txamakoak ere ezagunak dira musikaren munduan, eta euren alderik parranderoena erakusten dute corrido tumbado doinuak oinarri dituen proiektu honetan. Biharamunean, Anje Duhalderen txanda izango da. Duhalde euskal rockaren aitzindarietakoa da, Errobi taldearen sortzaileetariko bat, eta zale ugari batzen du Durangaldera etortzen den bakoitzean.

San Roke egunagaz borobilduko dituzte Mañariko jaiak. Mozorro eguna ospatuko dute egun horretan, eta jai batzordeak marrazki bizidunetako mozorroak janztea proposatu du. Urtero legez, San Roke egunean paella txapelketa egingo dute; paellak 14:30erako egon behar dute prest. Bazkaria sari banaketaren ondoren izango da. Bazkalostean bingo musikatua izango dute. Burrunba elektrotxarangak dantzan ipiniko ditu kalean daudenak. 22:00etan, datorren urteko jaietara arte agurtuko dute Pitxitxi. Baina festa ez da hor amaituko. Giroak eta dantzak goizalera arte eutsiko diete, Altxa Porruren erromeriagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!