Hontza Museoak 'Askondoko Leize-Hartza' aldi baterako erakusketa inauguratu du

J.D. 2026ko ekainaren 30a

Erakusketa berriko irudia. (Argazkiak: Hontza Museoa)

2027ko irailera arte egongo da ikusgai.

Mañariko Hontza Museoan Askondoko leize-hartzaren inguruko aldi baterako erakusketa inauguratu dute. Erakusketa honek Europako historiaurreko ugaztun ikusgarrienetako baten, leize-hartzaren (Ursus spelaeus), aztarnak eta hezurdura ezagutzeko aukera eskaintzen du, Askondoko koban aurkitutako leize-hartzaren hezur eta aztarna esanguratsuen hautaketa biltzen duelako. "Bisitariek Pleistozenoan Europan bizi izan zen espezie handi honen historia eta ezaugarriak gertutik ezagutzeko aukera izango dute", adierazi dute museoko arduradunek ohar batean.

Erakusketaren bidez, leize-hartzaren ezaugarri biologikoak, glaziazio-garaiko ingurunera izan zuen egokitzapena eta garaiko fauna eta paisaiekin zuen harremana ezagutu ahal izango dira. Era berean, Askondon aurkitutako aztarnek duten balio zientifikoa eta ondare-balioa azpimarratzen dira, historiaurrearen ikerketan egindako ekarpena nabarmenduz.

Jatorrizko piezak erakusteaz gain, erakusketak ikuspegi didaktikoa eskaintzen du, indusketa arkeologikoen eta ikerketa paleontologikoen lana herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Aldi baterako erakusketa hau 2027ko irailera arte egongo da zabalik. 

Erakusketa berriko irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!