Mañariko Udalak Errekondo jatetxearen kudeaketa esleitzeko lizitazio publikoa abiatu du. Interesdunek abuztuaren 3ra arte izango dute proposamenak aurkezteko aukera, udalak ohar batean zehaztu duenez.
Lizitazioaren bidez, udalaren helburua da herriko Errekondo jatetxearen kudeaketa esleitzea, herritarrei eta bisitariei zerbitzua eskaintzen jarrai dezan. “Errekondo herriko eguneroko bizitzaren parte izan da urte askoan. Lizitazio honen bidez, kalitatezko zerbitzua eta kudeaketa egonkorra bermatzea da gure helburua”, adierazi du Aitziber Areitio alkateak.
Kontratuaren hasierako iraupena bi urtekoa da, eta, ondoren, urtez urte luzatu ahal izango da gehienez zortzi aldiz. Gutxieneko kanona hilean 363 eurokoa izango da (BEZa barne), eta lizitatzaileek kopuru hori hobetu ahal izango dute. Lizitazioari buruzko informazio osoa eta administrazio-baldintzak udaletxean eta Euskadiko Kontratazio Plataforman kontsultatu daitezke.