Albokan Rollaren laugarren aldia egingo dute zapatuan Mañarian

Joseba Derteano 2026ko ekainaren 11

John Dealer. Argazkia:Juxe areta goñi

Kafraga elkarteak, udalaren laguntzagaz, Albokan Rollaren laugarren edizioa antolatu du zapaturako. Jardunaldia 11:00etan hasiko da, kalejira bategaz. Albokari eta trikitilariek girotuta, herriko kaleak zeharkatuko dituzte jaiari hasiera emateko.

Eguerdian, 13:00etan, herri kirolen txanda izango da. Bertan, Goizeder Abendibar, Uxue Ansorregi, Julen Larrea eta Jon Gisasola kirolariak arituko dira. Partaideak bazkari herrikoian batuko dira gero, 14:30ean.

Ondoren, 17:00etan, pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dira. Hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituen partidua jokatuko da lehenengo, Xabi-Beñat eta Aratz-Liher bikoteen artean. Ondoren, Gerrika-Kano eta Peio-Martin txapelaren lehian arituko dira.

Kontzertuak eta autobusa

20:00etatik aurrera, musika izango da protagonista. Garratz, John Dealer and The Coconouts, Maraya and The Mad Wolfe eta Zydeco Brotherhood taldeek kontzertuak joko dituzte, doan. Jaiak goizaldera arte jarraituko du, 00:00etan hasiko diren DJ Shake & Roll eta DJ Melen saioekin. Antolatzaileek autobus zerbitzua ipiniko dute Mañaritik Durangora, 03:00etatik 04:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!