Mañariko Maiatza Kulturaleko azken egunak ekitaldiz beteta datoz. Gaur (maiatzak 21), 19:00etan, Oreka TXek kontzertua eskainiko du Angurretan. Kontzertu hau joan zen asteburuan egitekoa zen, baina atzeratu egin zen eguraldiagatik. Sarrera doakoa da eta antolatzaileek herrigunetik Angurretara oinez joateko eskatu dute, 17:00etan errepidea iztea baita asmoa. Salbuespenak egingo dituzte adinekoekin, mugikortasun urritasuna dutenekin edo bertan bizi diren bizilagunekin.
Bariku honetan, 20:00etan, GAR musika proiektuaren emanaldia izango da Errekondoko terrazan.
Maiatzaren 23an, zapatuan, Andra Mari dantza taldeak bere 40. urteurrena ospatuko du. Sorreratik gaur egunera taldean ibili diren edo dabiltzan 75 bat dantzari batuko dira. Eguerdian kalejiran irtengo dira Jaizale txistulari taldearekin. Ondoren, dantza emanaldia eskainiko dute frontoian. Egun berezi horretan omenaldia egingo diete taldearen sorreran eta ibilbidean garrantzitsuak izan diren hiru laguni: sorreran euskal dantzak erakusten ibili ziren Mari Luz Gorostiza eta Begoña Gorritxategiri, eta gaur egun ere dantza taldearekin jarraitzen duen Josu Arkarazo txistulariari. Ospakizunek bazkari herrikoiarekin eta 18:00etan hasiko den Lorratz taldearen erromeriarekin jarraituko dute.
Andra Mari dantza taldea 1986an sortu zen hainbat lagunen ekimenari esker. Hainbat urtetan makina bat dantza ikasi ondoren, Durangaldeko eta kanpoko herrietara joaten hasi ziren, Euskal Jaietara eta Bizkaiko dantzari egunetara, besteak beste. Txistulariak ere primerakoak izan ziren taldearen ondoan, hasieran Alejandro Aldekoa berriztarra eta ondoren Josu Arkarazo abadiñarra. Azken honek gaur egun ere taldearekin jarraitzen du.
Andra Mari dantza taldeak hainbat mugarri izan ditu bere ibilbidean. 1992an Mauleko (Zuberoa) Euskal Herriko Dantzari Egunean parte hartu zuen; 2007an, herriko emakume talde batek euskal dantzak ikasten hasi zen, urte luzez herrian eta Durangon egindako saioetan parte hartuz; eta 2017an lehenengo nesken ezpatadantza taldea plazaratu zen. Gaur egun, 30 dantzarik osatzen dute taldea, eta Goiuri Iturrizaren gidaritzapean, Durangoko Jaizale txistulariekin batera, dantza emanaldiak eskaintzen dituzte herrian, ermitetan eta Andramari jaietan, baita Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean ere.
Euskal Azoka
Maiatzaren 24an, domekan, XXX. Euskal Azoka egingo da herriko plazan. 10:00etatik 14:00etara askotariko postuak egongo dira, eta antxume pintxoak ere dastatu ahal izango dira. Gainera, 11:00etan umeentzako tailerrak egingo dituzte frontoian, taloak eta kandelak egiten ikasteko. Eguerdian, 12:00etan, Euskadiko Azpigorri Txapelketa hasiko da aparkalekuan.
Asteburu honetako ekitaldiekin amaiera emango zaio aurtengo Maiatza Kulturalari.