Arri ekimena eta Oreka TX Mañariko Maiatza Kulturaleko bigarren asteburuan

Anboto 2026ko maiatzaren 13a

Oreka Tx taldea emanaldiak eskainiko du domekan. (Argazkia: Oreka TX)

Arri ekimenean formatu txikiko arte eszenikoak herriko gune desberdinetan ikusgai egongo dira, zapatuan. Orekat TX-en emanaldia domekan da, Angurretan; herrigunetik bertara oinez joateko eskatu dute antolatzaileek.

Maiatza Kulturalak aurrera jarraituko du datozen egunetan Mañarian, eta bigarren asteburuan kultur eskaintza berezia izango da herrian. Arri ekimena eta Oreka TX taldearen kontzertua izango dira egitarauaren ardatz nagusiak, nahiz eta horiez gain beste hainbat jarduera ere antolatu diren aste osoan zehar, udalak ohar baten azaldu duenez.

Arri ekimena, herria eszenatoki bihurtuta
Maiatzaren 16an, Arri ekimenaren barruan, formatu txikiko pieza artistikoak ikusi ahalko dira herriko gune desberdinetan. Korrala Sormen Gunea arduratu da antolaketa lanetaz, eta antolatzaileek azaldu dutenez, “antzerki-ginkana moduko esperientzia” izango da.

Ikusleek ibilbide bat osatu beharko dute pieza guztiak ezagutzeko. Ibilbideen tiketak 17:00etan banatuko dituzte plazan, dohainik. “Prestatu herrian zehar ibili eta antzerki, zirku eta dantza pieza laburrez gozatzeko”, diote antolatzaileek. Kokalekuak sekretupean mantenduko dituzte une horretara arte.

Besteak beste, Ibawa kolektiboaren dantza garaikidea, Karrika Antzerki Taldearen antzezlana, eta soka finkoa clownarekin uztartzen dituen pieza egongo dira ikusgai. Amaitzeko Swingtronics taldeak swing eta rock doinuak uztartzen dituen kontzertua emango du 20:00etan, plazan.

OrekaTX, Angurretan
Maiatzaren 17an, 12:00etan, Oreka TX taldeak kontzertua eskainiko du Angurreta arte espazioan. Emanaldia doakoa izango da. Herrigunetik Angurretara oinez joateko eskatu dute antolatzaileek, ibilgailuentzako bidea itxiko baitute. Eguraldi txarra eginez gero ekitaldia bertan behera geratuko dela ere zehaztu dute.

Oreka TX taldea txalapartaren inguruan sortutako musika proiektu ezaguna da. Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak dira taldearen ardatza, eta urte hauetan nazioarteko ibilbide zabala egin dute, euskal musika tradizionala munduko hainbat kulturatako soinuekin uztartuz.

Aste osoko kultur eskaintza
Maiatza Kulturaleko asteko eskaintza beste hainbat ekimenekin osatzen da. Eguenean, 18:30ean, Gorka Valdesek ‘Mañaria eta inguruko hegaztiak ikertzen’ izeneko hitzaldia eskainiko du kultur etxean. Barikuan, maiatzaren 15ean, 19:00etan, ‘Aberriak eta atzerriak’ musika emanaldia eskainiko du Jokin Lasak kultur etxean.

Datorren astera begira, maiatzaren 18an, 18:00etan, mural margoketa egingo dute plazan Eñaut Aiartzaguenarekin.

Bestalde, maiatzaren 20an, 18:00etan, ‘Sorgiñak’ filmaren emanaldia izango da kultur etxean, Asisko Urmenetaren parte-hartzearekin. Saio horren ostean, Maiatza Kulturala azken asteburuan sartuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!