Aurten ere ‘Maiatza Kulturala’ ospatuko da Mañarian, maiatzaren 9tik 24ra bitartean, askotariko kultur ekintzez osatutako egitarauarekin. Antzerkia, kontzertuak, hitzaldiak, ikuskizunak eta azoka izango dira, besteak beste, herriko kale eta gune desberdinetan. Ekimenaren helburua da herritarren artean kultura sustatzea, sorkuntza artistikoa balioan jartzea eta adin guztietako publikoarentzat aisialdi eskaintza anitza eskaintzea. Mañariko Udalaren eta herriko elkarte eta eragile desberdinen artean osatu da egitaraua, udalak ohar batean azaldu duenez.
Andra Mari dantza taldearen ospakizuna
Andra Mari dantza taldeak sortu zeneko 40. urteurrena ospatuko du maiatzaren 23an. Egun osoko egitaraua izango da, eta bertan parte hartuko dute gaur egungo dantza taldeek (txikienetatik hasita nagusietaraino, ezpatadantzari taldeak…) nahiz urte hauetan guztietan taldean ibilitako dantzari ohiek. Azken hauen artean 80 urtetik gorako dantzariak batuko dira.
Eguna kalejira batekin hasi ondoren, frontoian dantza saio nagusia eskainiko dute, ezpatadantza, gorulariak eta bestelako dantzekin. Horrez gain, taldearen sorreran eta osteko ibilbidean garrantzitsuak izan diren pertsonak omenduko dituzte. Eguna borobiltzeko, 18:00etan, Lorratz taldeak erromeria eskainiko du plazan.
Arri ekimena
Maiatzaren 16an, Arri ekimenaren barruan, formatu txikiko pieza artistikoak ikusi ahalko dira herriko gune desberdinetan. Korrala Sormen Gunea ibili da antolaketa lanetan. “Ikusleek ibilbide bat osatu behar dute pieza guztiak ezagutzeko, antzerki-ginkana moduko esperientzia batean”, azaldu du Korralako kidea den Cecilia Paganinik.
Ibilbide orria 17:00etan banatuko dute plazan. Ibilbide orriak zehaztuko ditu tokiak, orduak eta piezak. Tokiak sekretua dira une horretara arte. Ikuskizunei dagokienez, denetarik dago: soka finkoa eta clowna uztartzen dituen pieza NiMú taldeko Sandra Gutierrezen eskutik; dantza garaikidea, Ibawa kolektiboarekin; Karrika Antzerki Taldearen antzezlana; Korrala Sormen Guneko ikasleek sortutako pieza; Maria Urcelayren monologo komikoa, eta, swingtronics taldearen kontzertua, swing eta rock doinuak uztartzen dituena.
Kontzertuak, hitzaldiak…
Egitaraua hainbat kultur ekimenek osatuko dute hilabete osoan zehar. Besteak beste, maiatzaren 9an mugei, migrazioari eta giza harremanei buruzko gogoeta tragikomikoa proposatuko du ‘Arizona’ antzezlanak. Maiatzaren 17an Oreka TX taldearen kontzertua izango da. Maiatzaren 22an, bestalde, Gar proiektu musikalak zuzenekoa emango du Errekondon.
Amaitzeko, maiatzaren 24an Euskal Azoka egingo da, eta baita Euskadiko Azpi Gorri lehiaketa ere. Horrekin emango zaio bukaera aurtengo Maiatza Kulturalari.
MAIATZAK 9
- 19:00, Kultur etxean. Antzerkia: ‘ARIZONA’, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin.
MAIATZAK 10
- 12:30, plazan. Kantu poteoa, Kirikiño abesbatzarekin.
MAIATZAK 12
- 18:00, Errekondo. Sendabelarren ukenduak egiteko tailerra, Garbiñe Bellosorekin.
MAIATZAK 14
- 18:30, Kultur etxean. Hitzaldia: ‘Mañaria eta inguruko hegaztiak ikertzen’, Gorka Valdesekin
MAIATZAK 15
- 19:00, Kultur etxean. Musika emanaldia: ‘Aberriak eta atzerriak’, Jokin Lasarekin.
MAIATZAK 16
- 17:00, herrian zehar. Arri ekimena (formatu txikiko ikuskizunak).
- 18:00, plazan. Kontzertua: Swingtronics taldea.
MAIATZAK 17
- 13:00, Angurreta arte espazioan. Kontzertua: Oreka tx.
MAIATZAK 18
- 18:00, plazan. Mural margoketa, Eñaut Aiartzaguenarekin.
MAIATZAK 20
- 18:00, kultur etxean. Film emanaldia: ‘Sorgiñak’. Ondoren, solasaldia Asisko Urmenetarekin.
MAIATZAK 22
- 20:00, Errekondon. Kontzertua: Gar musika proiektua.
MAIATZAK 23
- Jaia egun osoan zehar. Andramari dantza taldearen 40 urteurrena.
- 18:00, plazan. Erromeria: Lorratz taldea.
MAIATZAK 24
- 11:00, plazan. XXX. Euskal azoka eta IX. Euskadiko Azpi Gorri txapelketa.