Mañariko Udalak Arrueta eta Urkuleta auzoetako argiteria publikoa berritu du

Anboto 2026ko apirilaren 16a

Guztira zortzi argi-puntu berritu dira jasangarritasuna eta herritarren segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

Mañariko Udala herriko auzoetako argiteria publikoa berritzen ari da, jasangarritasuna eta herritarren segurtasuna hobetzea helburu duen berriztapen plan orokor baten baitan. Esku-hartze honen bidez, udalerriko azpiegiturak eguneratu eta energia-eraginkortasuna sustatu nahi dira, ohar batean zehaztu duenez.

Orain arte, Arrueta eta Urkuleta auzoetan egin dira lanak, eta guztira zortzi argi-puntu berritu dira bi gune horietan, teknologia fotoboltaikoa txertatuta. Jarduketa honi esker, argiztapenaren kalitatea hobetzea ez ezik, energia-kontsumoa murriztea ere aurreikusten da.

Ekimen honetarako 7.758 euroko inbertsioa egin du. Udalaren arabera, “herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatzea lehentasunezko helburua da, eta, aldi berean, ingurumenarekiko konpromisoa sendotzen jarraitu nahi dugu”.

Etorkizunean berriztapen lan hauek beste auzo batzuetara zabaltzea ere aurreikusten du udalak, herriko argiteria sistema eraginkorrago baten aldeko apustua eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!