Mañariako Udalak dagoeneko prest ditu 2026ko udalekuak, herriko haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi eskaintza zabalarekin. Udalekuak ekainaren 22tik uztailaren 17ra izango dira eta adinaren arabera antolatutako taldeetan banatuko dira parte-hartzaileak, udalak ohar batean informatu duenez.
Izen-ematea, apirilaren 20tik aurrera
Izen-emate epea bi fasetan banatuko da. Mañarian erroldatutakoek apirilaren 20tik maiatzaren 7ra eman ahal izango dute izena. Erroldatuta ez daudenek, berriz, apirilaren 22tik maiatzaren 7ra izango dute horretarako aukera.
Izen-ematea bi bideetatik egin ahal izango da: aurrez aurre udaletxean (07:30etik 11:00etara) edo modu telematikoan, udalaren webgunearen bidez. Asteko prezioa 30 eurokoa izango da, eta aurten ez da zozketarik egingo; plazak izena eman ahala esleituko dira.
Parte-hartzaileak lau taldetan banatuko dira, adinaren arabera: txikiak (2023-2021), gaztetxoak (2020-2018), gazteak (2017-2015), nagusiak (2014-2009)
Ekintza anitzak eta irteerak
Udalekuek askotariko jarduerak eskainiko dituzte, aisialdia eta harremanak sustatzeko helburuarekin. Besteak beste, honako hauek izango dira aurtengo programan: Igerilekura irteerak, Mañaritik ibilaldiak, hondartzara irteerak, ekintza bereziak eta bestelako irteerak.
Gainera, nagusienen taldearentzat udaleku ibiltaria egingo da. Uztailaren 13tik 17ra bitartean Bizkaiko kostaldetik ibiliko dira.
Ordutegi malgua
Udalekuen ohiko ordutegia 09:00/09:30etik 13:30/14:00etara izango da, sarrera eta irteera malguarekin. Irteera egunak direnean, ordea, jardunaldia luzatu egingo da, 16:00ak arte.