2026ko hainbat tailer umeei eta gazteei zuzenduta dago, museoa belaunaldi berrietara zabaltzeko. Horrela, Aste Santuko oporretan, inguruko biodibertsitatea ezagutzeko tailerra egingo dute haurrentzat. Udan, gazteei zuzendutako jarduerekin jarraituko dute, ingurumena ardatz hartuta. Azkenik, Gabonetako oporretan, sormen tailerra egingo dute 5etik 10 urtera arteko haurrentzat.
Berbaldi bi ere egingo dituzte, biak Durangon. Maiatzaren 21ean, Edorta Unamuno Mirandona biologo eta dibulgatzaileak hegazti migratzaileen inguruko berbaldia emango du. Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimena da. Udazkenean, berriz, biologian doktorea den Vega Asensio Herrero durangarrak ilustrazio zientifikoaren munduan sakonduko du.
Azkenik, maiatzaren 29tik 31ra Hontza Museoak 'Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionala' hartuko duela iragarri dute.