Mañarian Gazte Eguna antolatu dute apirilaren 11rako, lehenengoz

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 5a

Fitoskins taldeak kontzertua emango du Gazte Egunaren barruan. IZARO GALLASTEGI

Mañarian Gazte Egunaren lehenengo aldia egingo dute apirilaren 11n, eta antolatzaileek asteon jakinarazi dute egitaraua.

Txupinazoagaz emango diote hasiera ekimenari, 13:00etan. Trikitilariak arituko dira giroa berotzen. Ondoren, bertso bazkari baten bueltan batuko dira. 17:30ean gazte olinpiadak egingo dituzte, eta 19:00etan karropoteoan irtengo dira giroa herrian zehar zabalduta. Egunari amaiera emateko, 22:00etan, Estutu eta Fitoskins taldeek kontzertua joko dute. Erremate modura, Pan con Txitxarron DJak emanaldia egingo du. 

Inauterietan sorturiko ideia
Mañariko gazteak dabiltza ekimena antolatzen, hainbat eragileren laguntzagaz. Gazte Eguna sortzeko ideia iazko inauterietako baba-janean sortu zela azaldu dute antolatzaileek. "Bazkariaren bueltan gazteok berbetan egon ginen eta herria bizirik mantentzeko zeozer egin behar zela komentatu genuen. Hori dela eta, Gazte Eguna antolatzea ideia ona izan zitekeela pentsatu genuen. Harrezkero, lan horretan ibili gara, ideia zena errealitate bihurtzeko. Helburu nagusia denon artean ondo pasatzea da, eta herrian giroa sortzea", adierazi dute antolaketa taldeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!