Sasi bereziren etorrerak Mañariko inauteriak girotuko ditu aurten ere otsailaren 14an

Anboto 2026ko otsailaren 9a

Sasi berezi eta Mañariko inauterietako pertsonaiak.

Egitarauaren barruan mozorro onenaren saria banatuko dute eta txokolate beroa eta tostadak eskainiko dira.

Mañariak inauteriak ospatuko ditu otsailaren 14ko zapatuan, herriko kaleak jai giroz eta mozorroz beteko dituen egitarauagaz. Kafraga elkarteak antolatu du eguna, herritarren laguntzagaz eta Mañariko Udalaren babesagaz.

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da egitaraua, Sasi bereziren etorreragaz. Kantina babestuz herrian zehar ibiliko dira pertsonaiak, trikitilariek lagunduta, kalez kale jai giroa zabalduz. 18:00etan mozorro onenaren saria banatuko da, eta eguna borobiltzeko, 18:30ean, txokolate beroa eta tostadak eskainiko dira.

2024an abiatutako tradizioa
Sasi bereziren etorrera 2024an jarri zen martxan lehen aldiz, eta aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Ekimenak Mañariko inauteriei izaera propioa ematea du helburu, herriko tradizioan, mitologian eta iruditeria kolektiboan oinarritutako karnabal eredua sustatuz.

Sasi berezi pertsonaiak Errose Bustintza idazle mañariarraren Jentillen bola-lekua ipuinean du sorburua. Ipuin horretatik abiatuta sortu zuten kale-ikuskizuna, herritarren irudimenetik sortutako beste pertsonaia batzuekin batera. Urtez urte, istorioa forma propioa hartzen joan da, eta gaur egun herriko inauterien ezinbesteko osagai bihurtu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!