Eguraldia lagun dutenean, bost-sei laguneko ikerlari talde batek Aldegoiena auzoan dagoen San Lorenzo ermita ondoan utziko du ibilgailua, handik gertu baitago aztarnategia, sei-zazpi minutura oinez. Silibranka inguruko harkaitzek babesa edo aterpea ematen dioten gune bat da. Beraz, aire zabalean dago, ez da kobazulo bat.
Jose Migel Barandiaran antropologo, etnografo eta abade ospetsuak 1930ean han egindako indusketak atera zuen argitara Silibrankako aztarnategi arkeologikoa. "Goi Paleolitoaren amaierako ehiztari-biltzaleen okupazio bat aurkitu zen", esan du Maria Jose Iriarte Chiapussok, Ikerbasqueko ikertzaile taldeko kideak. Harrezkero ia mende bat joan da eta baliabide teknologikoak asko hobetu dira. "Orain egiten diren analitika asko ez ziren orduan egiten, edo ez ziren existitzen", gaineratu du. Ildo horretatik, horixe da 2017tik honako ikerketen helburua, arkeologia gunea gaur eguneko zientziaren begietatik aztertzea. "Kontserbatu den ebidentzia oro aztertzen dugu EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko laborategietan", zehaztu du Iriartek.
Urteetako ikerketari eskerrak, Silibrankako okupazio gunea harkaitzen babesgunetik kanpora ere zabaltzen dela deskubritu dute. Hain zuzen ere, aurten kanpoko gune horretan arituko dira lanean. "Aztarnategia noraino hedatzen den jakin gura dugu", esan du Iriartek.
Silibrankan aurkitutako aztarnarik "gehienak" industria litikoari lotutakoak dira: azagaia zatiak (ehizarako puntak), marrak grabatuta dituzten hezur zati txikiak eta silex zati txikiak aurkitu dituzte, asko milimetro gutxi batzuetakoak. Aztarna txiki horiek informazio baliotsua gordetzen dute. "Azken batean, burdinola batean burdin txirbilak aurkitzea lakoa da", konparatu du Iriartek. Horrela, "tresnak hantxe ekoizten zituztela" ondorioztatu dute. Gainera, Silibrankan aurkitutako aztarna kantitateak "okupazio jarraitua" izan zuela iradokitzen du.
Gainera, gaur egungo analisiei eskerrak, Jose Migel Barandiaranek bere garaian proposatutakoa baino okupazio-aldi zaharragoa identifikatu dute: Magdaleniense erdialdekoa. Beste modu batera esanda, egungo datuen arabera gizakiaren presentzia orain 14.000 eta 11.000 urte artekoa izan zen Silibrankan.
Aurrera begira, askotariko azterketa metodoei eskerrak garai hartako errealitatea hobeto ezagutzen jarraitu gura dute: zein izan zen landaredia-paisaiaren eboluzioa, kontsumorako animalien hautaketan zelako bilakaera izan zuten eta abar.