Mañariko Udalak 2026 urterako aurrekontuak onartu zituen atzo goizeko udalbatzarrean Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko lau botorekin eta EAJren boto bateko abstentzioarekin, udalak ohar batean azaldu duenez. Guztira 1.122.065 euroko aurrekontua edukiko du herriak. Aitziber Areitio alkateak azaldu duenez, “aurrekontu hauek herritarren ongizatea hobetzea dute ardatz, eguneroko beharrei erantzunez eta zerbitzuak zein azpiegiturak sendotuz”. Aurrekontuetan hainbat proiektu gauzatzea aurreikusten da, eta horiez gain, beste zenbait gerakinaren kontura finantzatuko dira.
2026ko inbertsioen atalean Kirolguneko azpiegitura isolatzeko lanak egingo dira. Iaz tenperatura erregulatzeko bero-berreskuragailua jarri ostean, datorren urtean saretak estali eta hormetan isolamendua jarriko da, bero-galerak saihesteko. "Helburua efizientzia energetikoa handitzea da, baina batez ere erabiltzaileen erosotasuna hobetzea", adierazi dute. Lan horietarako 22.000 euroko partida aurreikusi da, eta ateetan zerraila berriak ere jarriko dira.
Herriguneko trafikoa mantsotzeko bi goragune jartzea aurreikusten da: bata udaletxearen eta osasun zentroaren artean, eta bestea autobus geltokiko zebra-bidearen ondoan. "Udala Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenaren zain dago proiektua gauzatzeko; izan ere, horixe izan da aurten lanak ez egiteko arrazoia", oharrak jasotzen duenez. Proiektu honetarako 58.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi da.
Aparkaleku berria
Herrigunean dagoen aparkaleku arazoari irtenbidea emateko lanean jarraituko da, eta herriko sarreran aparkaleku berria egingo da. Une honetan Udala Aldundiak eskatutako moldaketetara egokitzen ari da, lanak gauzatu ahal izateko. Proiektua finantzatzeko Azpiegiturak sailera diru-laguntza eskatuko da inbertsioaren zati bat laguntza horien bidez ordaintzeko asmoz. Horrez gain, aparkaleku aukera gehiago ere aztertzen ari dira.
Frontoia, auzobideak eta argiteria
Frontoiko zorua berritzeko 36.000 euroko diru-atala gorde da, eta, aldi berean, frontoiko atea konpontzeko lanak egingo dira. Bestalde, urtero bezala, auzo-bideak konpontzen jarraitzeko 40.000 euroko diru-atala erabiliko da. Besteak beste, Aldegoiena auzoan Urkuleta bideko konponketak aurreikusi dira. Era berean, auzoetako argiteria publikoa berritzen jarraituko da gaur egungoen bateriek arazoak ematen dituztelako. Aurten jarritako argiteria berriari jarraipena egiten ari zaio udala zelan funtzionatzen duen ikusteko.
Kultura eta gazteria
Kulturaren arloan azken urteetan egindako bideari jarraipena emango zaio. Besteak beste, Kultur Astea, umeentzako ekintzak eta herri bizitza dinamizatzeko bestelako egitasmoak laguntzen jarraituko da, "Mañariko herri bizitza indartzeko helburuarekin". Era berean, gazteei begirako ekimenen suspertzean ere lanean jarraituko da, ekintzak antolatzen lagunduz eta parte-hartzea sustatuz.
Aipatutakoaz gainera, bestelako egitasmoak ere eramango dira aurrera. Esaterako, Mañariko toponimia ikertu eta jasotzeko proiektua gauzatuko da. Ikerketa honek herriko memoria gordetzea eta herriaren nortasuna indartzea ahalbidetuko du.