Mañariko Udalak hilerriko teilatuetako euri-urak biltzeko kanalizazio sistema bat jarri du

Anboto 2025eko abenduaren 4a

Aurrerantzean teilatuko urak errekara bideratuko dira zorura erori beharrean.

Mañariko Udalak hilerriko teilatuko euri-urak batzeko kanalizazio-sistema jarri du hilerrian. Lanak aste eta erdi iraun dute azaroan zehar, eta aurrekontua 11.313 eurokoa izan da, udalak ohar batean azaldu duenez.

Hilerriko teilatuetako euri-urak biltzeko sarea berria da, orain arte ez baitzegoen, eta lurpetik bideratu da ibaira isurtzen den lekuraino.

Lan hauek hilerria hobetzeko lanen barruan sartzen da. Aurretik, azterlan geotekniko bat egin zen, lurraren egoera ezagutzeko eta honen desplazamendurik ez zegoela baieztatzeko. Txosten geoteknikoaren ondorioetan adierazten zenez, teilatuetako ura zuzenean lurrera isurtzea, nitxoak dauden lekuan gertatuko ezegonkortasunaren arrazoietako bat zen. Horregatik, teilatuetako euri-urak biltzeko sare bat jarri da, lurra dagokion baino ur gehiagorekin ez saturatzeko.

Etorkizunean, bigarren fase batean, hilerriko lurzorua konpontzeko eta egonkortzeko lanak egingo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!