Hautatua izatea sorpresa izan da?
Otsailean Euskal Herriko elite txapelketa irabazi nuenez, banekien hautaketa fasean egongo nintzena. Gero entrenamendu batzuk egin genituen, bakoitzak bere maila erakusteko. Entrenamenduetan emandako mailagaz gustura geratu nintzen. Lehia handia egon zen, sekulako maila zegoelako. Euskadiko atzelaririk onenetarikoak egon ziren, onenak beharbada. Banekien gatxa izango zena, baina azkenean hautatuetariko bat izan naiz eta pozarren nago.
Zelako sentsazioa da Euskal Selekzioko elastikoa janztea?
Itzela. Lehenengoz jantziko dut. Beste modalitate batzuetan Euskal Selekzioa aritu izan da lehiatzen, baina ofizialtasuna lortu zenetik lehenengo aldia da hau pilotan, eta ilusio handia egiten dit. Irabaziz gero, marka hori hor geratuko litzateke, historiarako. Baina badakit gatxa izango dena. Lehia gogorra egongo da eta izerdia sendo bota beharko dugu.
Binaka arituko zara.
Bai. Lau pilotariko taldea gara: aurrelari bi eta atzelari bi. Lau egunez jarraian jokatuko ditugu partiduak, datorren asteko martitzenetik barikura. Beraz, pilotari batek partidu denak jokatu beharrean, bikoteak aldatzen joango garela komentatu digu entrenatzaileak. Partidu bakoitzean parte hartuko duten pilotariak aurkariaren ezaugarrien arabera aukeratuko dira.
Nortzuk izango dituzu taldekide Euskal Selekzioan?
Atzean Unax Landa oiartzuarra eta biok ariko gara. Aurrean, Beñat Azketa eta Beñat Zubizarreta. Taldekide guztiak pilotari bikainak dira eta gustua da eurekin aritzea. Hartu-eman ona dugu eta horrek asko egiten du.
Nortzuk izango dituzue aurkari?
Esku pilotan eta binaka, Euskal Selekzioaz gainera, Espainia, Mexiko, Bolivia eta Frantzia arituko dira. Denok denon kontra jokatuko dugu. Lehenengo biak sailkatuko dira zapatuan jokatu den finalerako.
Zer helburu duzue?
Finalera sailkatzeko esperantza dugu. Edozer gertatu daiteke eta edozein selekzio da kapaz ezustekoa eman eta aurrera egiteko, baina, nire ustez, finala Euskal Selekzioaren eta Espainiakoaren artekoa izan behar luke. Baina gatx da aurreikuspenak egitea. Esaterako, Mexikotik munduko txapeldun izandako David Alvarez 'Stich' etorriko da, eta talentu handiko pilotari gazteak ere badituzte. Gainera, kontuan hartu behar da pilotan jokatzeko modu desberdina dutela. Pilota diferente jotzen dute gugaz alderatuta. Beraz, ez dakigu euren estilora zelan moldatuko garen. Kontuan hartzeko faktore asko dago. Beste selekzioei buruz ere berdina esan daiteke. Selekzio bakoitza bere itxaropenagaz etorriko da, hori seguru, eta dena eman beharko dugu aurrera egin gura badugu.
Gainerakoan, zelan doa zure denboraldia?
Txapelketa batzuk irabazi ditut eta beste batzuk nahiko txarto irten dira. Denboraldi gorabeheratsua izaten ari da. Pozik nago egindako urteagaz, baina arantza batzuk geratu zaizkit.
Olazar txapelketatik kanpora geratu zara oraintsu. Hori da arantzetariko bat?
Bai, bat Olazar da. Aho zapore txarragaz geratu nintzen. Ez ginen partiduan ondo sartu eta aurkariak, ostera, oso ondo hasi ziren. Orduan hartutako aldea (0-6) erabakigarria izan zen. Lanean segitzea besterik ez dago. Aurretik El Diario Vasco txapelketako finalerdiak ditut, Tolosako eta Lezamako txapelketetan arituko naiz, eta Laudiokoan parte hartzeko ere deitu didate.