Mañariko frontoia berriro margotu eta harmailak konpondu ditu udalak

Anboto 2025eko azaroaren 20a

Instalazioaren segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzea izan da lanen helburua.

Mañariko Udalak herriko frontoian hainbat hobekuntza lan egin ditu azken asteotan, ohar batean jakinarazi duenez. Esku-hartze honekin legegintzaldi hasieran markatutako helburu bat gauzatu da. Frontoia berriro margotu da berdez, lurzorua pulitu da eta harmailak konpondu dira, instalazioaren segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Horrez gainera, sabaian segurtasun-linea bat (bizitza-linea edo línea de vida deritzona) jarri da, mantentze-lanak egiten direnean langileen segurtasuna bermatzeko. Lan multzo honek 53.000 euro inguruko inbertsioa eskatu dio Udalari.

Gogoratu behar da iaz frontoi osoko argiztapena LED sistemara egokitu zela, energia-eraginkortasuna handituz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!