Hamaika ordu horixe izan zen muga Mañaritik Atxetara mendi lasterketako maratoia burutzeko. Goizeko 8:00etan irten ziren Mañariko plazatik korrikalariak eta lehenengoa helmugan, Julen Garmendia, eguerdiko 14:00ak inguruan egon zen. Ordutik aurrera, apurka-apurka joan ziren korrikalariak helmugaratzen. Helmugako erlojuak aurrera egiten zuen bitartean, atzera kontaketa hasita zegoen, arratsaldeko 19:00etan kronoa gelditu egingo zen eta helmugako marra, arkua eta hesiak kendu egingo zituzten.
Arratsaldeko 18:00ak ingurutik aurrera Mañarian gauza bakarra entzuten zen: "Zenbat korrikalari falta dira? Sar daitezela ordu mugaren barruan, merezi dute eta!". 19:00ak eta korrikalari bat falta; Andoni Arakistain Otxandion bizi den eibartarra. Kronoa gelditu zen eta heldu zen helmuga jasotzeko ordua. Baina hori ez zen problema izan mañariarrentzat. Hamaika ordutik gora eskualdeko mendietan barrena ibili zen korrikalariari merezitako harrera beroa egin zioten herritarrek. Euri-lanbro artean, herritarrek pasilloa egin zioten eibartarrari eta Arakistain alabari eskua emanda sartu zen Mañariko plazara. "Lehenik eta behin eskerrak eman gura dizkiet emazteari, alabari eta familiari. Urkiolamendin zain izan ditut eta behar nuen bultzada eman didate. Eta helmuga, zer esan, hau oso berezia izan da, oso polita. Oso eskertuta nago eta eskerrak eman gura dizkiet antolakuntzakoei eta baita nirekin kilometroak egin dituztenei. Lasterketa oso berezia izan da", adierazi zuen Arakistainek lasterketa amaitu berritan.
Arakistain egindako lasterketagaz pozik gelditu zen. "Hasieran kalanbreak izan ditut eta gogorra egin zait, baina bigarren zatian oso gustora aritu naiz. Astxikin parte-hartzaile batek arazoak izan ditu, berarekin gelditu gara eta hor denboratxo bat galdu dugu. Baina mendian jendeari lagundu egin behar zaio, eta oso pozik nago egindako lasterketagaz eta denboragaz", gaineratu zuen.