Agustin Sarrionandia izango da Mañariko alkateordea aurrerantzean

Joseba Derteano 2025ko ira. 17a, 09:40

Agustin Sarrionandia gaur goizeko udalbatzarrean.

Gaur goizeko udalbatzarrean hartu du zinegotzi kargua. Udal arduretan esperientzia du: 2015-2019 bitartean hirigintza arloko zinegotzia izan zen.

Agustin Sarrionandia Merino mañariarrak EH Bilduko zinegotzi kargua hartu du gaur goizean egindako udalbatzarrean, udalak ohar batean jakinarazi duenez. Horrela, udalbatzarrak zazpi ordezkari izango ditu berriro: Gobernu Taldeko lau (EH Bildu) eta EAJko hiru. Sarrionandiak, hain zuzen ere, Ainara Otxotorenak ekainean udalbatzarrean libre utzitako tokia beteko du.

Sarrionandia Mañariko alkateordea izango da legegintzaldia amaitu bitartean. Egunean eguneko zereginez gainera, hainbat erakundetan udal ordezkari jardungo du, hala nola Mankomunitatean, Urkiola Landa Garapenerako Elkartean eta EUDELen. Udal arduretan esperientzia duen pertsona da, 2015etik 2019rako legegintzaldian hirigintza arloko zinegotzi izan zelako orduko Gobernu Taldean.

Egun 64 urte ditu eta jubilatuta dago. Filosofian lizentziatua, kazetaritza izan du ogibide. 40 urtez EITB taldeko kazetaria izan da. Udaleko kargu berria “ilusioz” hartu duela dio. “Gobernu Talde langilea, jatorra eta eraginkorra aurkitu dut eta neure onena emateko gogotsu nago”, gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!