Eufemia Alberdi: "Astelehen arratsaldean ebakuatu gintuzten Murias de Sanabriatik"

Anboto 2025ko abu. 20a, 21:06

Mañariko Arri Toki tabernako Eufemia Alberdik Zamorako Murias de Sanabria herritik alde egin behar izan du inguru hartako suteen eraginez.

Zamorako Murias de Sanabria herrian  etxea du Eufemia Alberdik. Urtero legez, uda pasatzera joan da bertara. Iberiar penintsulan sortutako suteen ondorioz planak aldatu behar izan ditu. Domekan piztu ziren alarma guztiak mañariarra zegoen inguruan. "Galiziatik, Ribadelagosetik, sua hurbiltzan hasi zen. Murias de Sanabrian astelehen goizean alerta mezua jaso genuen mugikorretan. Arratsaldean, herria ebakuatu beharra zegoela esan ziguten. Egoera horren aurrean, alde egitea erabaki genuen. Orain Madrilen nago, ea zer gertatzen den", azaldu du mañariarrak. Muriasetik nora joan ez zutenentzako autobusak eta aterpetxeak egokitu zituztela azaldu du Alberdik.

Ebakuazioaren aurrean, gauza gehienak etxean utzi dituzte. "Batez ere dokumentuak hartu ditugu, baina arropa eta horrelakoak bertan utzi ditugu. Balio handiko gauzarik ere ez dugu bertan", gogoratu du. Sutearen inguruko albisteak gertutik jarraitzen ari dira. "Atzo haizearen norabidea aldatu egin zen eta lasaitua hartu genuen. Baina, gaur sua berriro ere aurrera egiten dabil. Etxeak blokezko sotoa du, ia leiho barik. Sua hara helduta ere uste dugu ondo mantenduko litzatekeela. Baina, nork daki. Oso egoera tristea da denontzako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!