Kirikiñok botako du txupinazoa Mañarian

Joseba Derteano 2025ko abu. 8a, 10:30

Aurten 40 urte bete dituen abesbatzak emango die hasiera jaiei, abuztuaren 14an. Musika eskaintza zabala dago jaietan: Kaos Etiliko, Skabidean eta Malakias jaietako lehen egunean, Ruper Ordorika 15ean eta Altxa Porru erromeria 16an

Egun batzuk falta dira Mañariko jaiak hasteko eta dagoeneko prest dute egitaraua. Aurten Kirikiño abesbatzak botako du jaiei hasiera emango dien txupinazoa, abuztuaren 14an. Kirikiño 1985ean sortu zuten eta, beraz, aurten 40. urteurrena ospatzen dabil. Txupinazoa botatzeak "ilusio handia" egiten diela adierazi du abesbatzako zuzendaria den Itxaso Arrizabalagak, eta aurreratu du denen artean prestatuko dutela pregoia. Hurrengo egunean ere protagonista izango dira abesbatzako kideak, ohiturari eutsiz, 11:00etan hasiko den mezan parte hartuko dutelako elizkizuneko abestiak kantatuz. 

Urtean zehar hainbat kontzertu eskaintzen ditu Kirikiñok. Esaterako, maiatzeko Kultur Astearen barruan Kantuez, kontuez… urtea bota izeneko kontzertua eskaini zuten Angurretan,  Andoni Salamero olerkari eta esatariagaz eta Aitor Furundarena musikariagaz batera. 

Musika eskaintza
Jaietan musika eskaintza zabala egongo da. Jaietako lehen egunean Kaos Etiliko, Skabidean eta Malakias taldeek eskainiko dute zuzenekoa. Gauean, 04:00-06:00 artean, doako autobusa ibiliko da etengabe Mañaritik Durangora. Abuztuaren 15ean, Ruper Ordorika musikariaren txanda izango da. 40 urte baino gehiagoko ibilbideari errepasoa emango dio abeslari oñatiarrak. Musika eskaintzagaz amaitzeko, abuztuaren 16an, Altxa Porru erromeriak dantzarako gonbita luzatuko die mañariarrei. 

Kirolak ere izango du tokia jaietan. Aingeru Bernaola mañariarrak bere sorterrian jokatuko du, abuztuaren 15ean. Victor eta biek Labaka eta Arbizu izango dituzte kontrario. Atariko partiduan Iribarrenek eta Canabalek neurtuko dituzte indarrak lau eta erdiaren barruan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!