Mañaria: kultur eztanda betean

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 20a, 09:30

Tio Teronen Semeak, Mañarian. MAÑARIKO UDALA

Kulturklik plataformako datuen arabera, eskualdeko herrien artean Mañaria da kultur ekitaldirik gehien aterpetzen duen herria, biztanleriari dagokionez. Datu basearen arabera, 1.000 biztanleko 24,3 ekitaldi programatu zituzten iaz; 13 ekitaldi, guztira. Gainera, horietan guztietan euskara izan zen nagusi: ekitaldien % 69,23 euskara hutsez programatu zituzten.

Datuak testuinguruan ulertzeko, lagungarri izan daitezke udalaren 2022ko aurrekontu parte hartzaileak. Izan ere, urte hartako proiektuen artean ekitaldi kultural gehiago antolatzearen alde bozkatu zuten mañariarrek. Era berean, ezin da ahaztu Angurretak harrobi izateari utzi eta eszenatoki kultural izateko egindako bidea, ezta herriko elkarteek, Kafragak, besteak beste, egiten duten urte osoko lana. "Albokan Rolla rock jaialdia hirugarrenez antolatu dugu eta aipatzekoa da Sasiberezi pertsonaiagaz inauteriak indartzeko egindako apustua", azaldu du Paul Arana Kafraga elkarteko kideak. "Herri txikia gara eta zeozer dagoenean herritarrak plazan batzen gara, adin desberdinetakoak", gaineratu du. Era berean, Aranak aitortu du musika ekoizle handien proposamena jaso dutela Mañarian jaialdi handiren bat antolatzeko, baina baztertu egin dute. "Ez da hori gure helburua. Sarrera ordaindu beharko litzateke, eta beste ezaugarri batzuetako jaialdia antolatu. Ez dugu hori gura", argitu du. Aurrerantzean, ekitaldiak antolatzeko ohitura transmititzea gura dute. "15etik 20 urtera arteko gazte asko dago herrian, eta gogoa dute gauzak egiteko. Modu natural batean egin gura dugu transmisio hori, hemendik urte batzuetara eurak izango dira-eta herrian dena mugituko dutenak", esan du Aranak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!