Zelan hasi zinen Kirikiñon?
Mañariko parroko Martzel Andrinua ezagutzen nuen, eta umeei musika eskolak ematea proposatu zidan. Hala hasi nintzen, eta andramariak hurbildu ahala umeei abestiren bat prestatzea proposatu nien. Ama Eder abestu genuen, hiru ahotsetara, Andra Mari egunean. Ordutik jarraitu dugu.
40 urtez eutsi diozue koruari, ez da gutxi.
Bai. Bizitzaren kontu desberdinak direla-eta, askok utzi dute abesbatza, baina horietariko batzuk bueltatu egin dira denbora batera. Ahots faltagaitik eten bat gertatzen denean, gatx da berriro bueltatzea. Zorionez, Kirikiñori ez zaio horrelakorik gertatu, eta posible izan dugu korua mantentzea.
Zelan garatu da korua urte hauetan?
Eboluzio bat egon da. Errepertorioa, kanturako gogoa, segurtasun maila... Umeen korua izatetik emakume helduen abesbatza izatera pasatu gara, eta obren zailtasun maila igo egin da.
Emakumez osaturiko abesbatza izateak baditu bere zailtasunak?
Ez. Ahots gutxi garela da oztopo bakarra. Denon ahotsak dira garrantzitsuak, eta horrek mugatu egiten gaitu apur bat. Baten batek huts egiten badu, ezin dugu kontzertua eman. Koruan abesteak konpromiso bat eskatzen du, konstantzia, eta asko ez dira animatzen. Emakumeen abesbatza gara, baina ez dugu hori bilatu. Halaxe suertatu da.
Atzera begiratuz gero, zein momentu azpimarratuko zenuke?
2007an Miranda de Ebron (Espainia) egin zen estatuko Habanera Txapelketa irabazi genuenekoa. Egundokoa izan zen, koruarentzat bultzada handia. Bestalde, pasatzen ditugun momentu atsegin guztiak.
Zein da Kirikiñoren helburua?
Batez ere, musikagaz eta abesteagaz disfrutatzea. Sarritan, publikoarengandik jasotako feedbackak aurrera egiten laguntzen digu, gainera. Disfrutatu egiten dut musikagaz, eta besteengan gozamen hori sortzeak bete egiten nau.
Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Aurrera jarraitzeko gogotsu gaude, eta ateak zabalik. Bildurrik barik abesbatzan parte hartzera animatu gura dugu jendea. Dena ikasten da.