Mañaria Albokan Rolla jaia ospatuko dute bihar

Anboto 2025ko eka. 13a, 10:30

Sermond's taldea bueltan da, sei urteko geldialdiaren ondoren.

Aurtengo egitarauaren barruan, Les Lullies, Reder eta Sermond´s taldeek kontzertua emango dute zapatuan, 20:00etan hasita. Ondoren, KSKA Selektorrak ipiniko du musika. Egun osoan zehar askotariko ekimenak egongo dira Mañarian.

Zapatu honetan Albokan Rolla jaiaren hirugarren aldia egingo dute Mañarian. Herriko hainbat elkarte eta eragileren laguntzagaz, Kafraga elkarteak egun osoko jaia antolatu du, ekimen askokoa.

10:30ean hasiko dute eguna, kalejiran, albokarien eta trikitilarien laguntzagaz. Kalerik kale ibiliko dira jai-giroa ipintzen. 13:00etan plaza inguruan batuko dira eta herri kirol erakustaldia hasiko dute: Jon Gisasola, Ioritz Gisasola, Karmele Gisasola eta Goizeder Abendibar. Herri kirolen ondoren, mañariarrak herri bazkarian batuko dira. 

Pilota eta musika
Herriko pala eta pilota partiduko finalekin ekingo diote arratsaldeari, 17:00etan. Hileetan kanporaketak jokatzen aritu dira hainbat bikoteren artean, eta zapatuan aurtengo txapeldunak erabakiko dituzte Mañariko pilotalekuan. 

Musika kontzertuekin amaituko dute Albokan Rolla jaia. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira. Aurten hiru taldek osatuko dute musika menua: Les Lullies talde frantziarrak eta Durangaldeko Reder eta Sermond's taldeek. Hirurek punk-rock eta rock doinuak eramango dituzte Mañarira. Kontzertu hauen ondoren, jai-giroak aurrera jarraituko du gau erditik aurrera, KSKA Selektorrak ipinitako musikagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!