Euskal ohiturak oinarri Angurretako ikuskizunean

Anboto 2025ko mai. 16a, 12:00

Zapatuan, 19:00etan, Kantuez, kontuez… urtea bota ikuskizuna aurkeztuko dute Angurreta harrobian, Mañariko Kultur Astearen barruan. Euskal tradizioei eta ohiturei hilerik hileko errepasoa egingo dion proiektu berezia da, narratiba, musika eta dantza uztartzen dituena. 

Ekimenaren sortzaileak Andoni Salamero olerkari eta esataria eta Aitor Furundarena musikari ezaguna dira. Proiektua Kirikiño abesbatzari eskaini zioten eta "oso interesgarria" iruditu zitzaien, abesbatzako zuzendari Itxaso Agirrezabalaren esanetan. Denek elkarregaz eta udalaren laguntzagaz atera dute aurrera. 

Emanaldia urteko hamabi hilabeteetako ohitura eta tradizioetan oinarritzen da. Hil bakoitzeko euskal kanta eta kontakizun bana edo gehiago plazaratuko dute. Esaterako, urtarrilean Elurra mara mara abestuko dute, otsailean Santa Ageda, eta ekainean Aita San Antonio eta San Juan abestiak.

Diziplina desberdinak
Narrazioen bitartez, Salamerok ikuskizunaren haria eramango du, Furundarenak akordeoia joko du, eta Kirikiño abesbatzako hamabi kidek abestiak kantatuko dituzte. Abesti bakoitzak bere 'jantzia' izango du: abesti batzuetan albokari bat gehituko da, besteetan perkusionista bat, eta Aritz Lasaguren eta Leire Sagastagoia dantzariek ere parte hartuko dute; baita Ina Dantza Eskolako bost dantzarik ere.

Ikuskizuna Angurreta harrobian da. "Ez dago eszenatoki hoberik", esan du Agirrezabalak. Eguraldi txarra egiten badu, elizara tokialdatuko dute ikuskizuna. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!